GARA > Idatzia > > Kultura

Hizkuntzen arteko «zubi zuzenak» eraikitzea xede 90. urteurreneko ekitaldian

90. urteurrenean, Euskaltzaindiak ekitaldi akademikoa egin zuen bere egoitza nagusian, Bilbon, non Galiziako, Kataluniako eta Estatu espainoleko hizkuntza akademietako kideak izan ziren gonbidatu nagusi. Andres Urrutia euskaltzainburuak lau akademien arteko harremanak sendotzeko hautua jakinarazi zuen eta, harremana sendotze aldera, «hizkuntza batetik bestera zubi zuzena eraikitzea» ahalbidetuko luketen ildoak jorratzearen alde agertu zen.

p040_f01_199x112.jpg

GARA

Euskaltzaindiak, 90. urteurreneko ospakizun ekitaldia egin zuen atzo Bilboko egoitzan. Bertan, Real Academia Española, Real Academia Galega eta Institut d´Estudis Catalans-en Secció Filològica erakundeetako ordezkariak bildu zituen, besteren artean, akademien arteko elkarkidetza sendotzeko helburuz.

Hamabost urte igaro dira Euskaltzaindia eta hiru erakundeok Bizkaiko hiriburuan azken aldiz elkartu zirenetik. Orduan, 1994ko otsailean, Euskaltzaindiaren 75. urtemugaren karietara, egoitzan izan ziren ordezkari bana: Fernando Lazaro Carreter, Real Academia Españolako burua; Mario Donega, Real Academia Galegako idazkaria; eta Joaquim Rafael, Institut d´Estudis Catalans-eko idazkari nagusia. Akademiaren buru Jean Haritschelhar zen garai hartan.

90. urtemugaren harira, berriro elkartu ziren erakundeotako ordezkariak izaera akademikoa izan zuen ekitaldi batean. Izan ere, euskaltzain oso, ohorezko eta urgazleei bakarrik zuzendutako batzarra izan zen, eta akademia bakoitzak egiten dituen lanak eta akademien arteko elkarkidetza bultzatzeko aukerak aztertu zituzten. Hala, Real Academia Galegaren izenean Bilbon izan ziren Xoxe Ramon Barreiro presidentea eta Manuel Gonzalez idazkaria; Institut d´Estudis Catalans-en aldetik Joan Marti presidentea eta Isidor Maris presidenteordea; eta Real Academia Españolatik bere zuzendari Victor Garcia de la Concha eta bere ondorengoa, Jose Antonio Pascual. Horiekin batera, Euskaltzaindiaren egitasmoak azaltzen jardun zuen Andoni Sagarna Iker sailburuak.

Elkarkidetza

Bilkuran aztertu zen aferetako bat akademien arteko elkarkidetza bultzatzearen ingurukoa izan zen. Ordezkari guztiek nabarmendu zuten «hizkuntza guztien arteko elkarbizitzaren garrantzia», baita «herri guztien hizkuntza-ondarea zaintzea eta babestea ezinbestekoa» dela ere.

Ildo horretatik, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazpen bat irakurri zuen lau akademien izenean. Esan zuenaren arabera, «gure erakundeek, hizkuntzalaritzaren esparru zientifikoan dihardute, bestelako asmorik gabe. Haien xedea gure hizkuntzak bizkortzea da, aniztasuna onartzetik abiatuz, eta begirune eta babes berezia zor zaizkion kultura-ondare direla uste izanik».

Erakunde horien arteko harremanak «adiskidetsutzat» eta «arintzat» jo zituen, nahiz eta «desiragarri» izan «beraien arteko elkarlana hizkuntza ikerketa eta kodetze-lanera hedatzea». Bere irudiko, akademia bakoitzaren ikerketa zientifikoak, metodoak eta baliabideak aztertzeak «esperientzia-trukaketa mesedegarria ekarriko du». «Horregatik guztiagatik -jarraitu zuen-, ospakizun honen barnean, lau akademien arteko harremanak sendotzeko hartu dugun erabakia jendaurrean aldarrikatzen dugu, elkarlaguntzarako esparru-hitzarmen baten bidez, ondoren bestelako konpromiso bereiziekin osatu ahal izango dena». Harreman bide hori sendotzen lagunduko lukeen egitasmo bat izan liteke, akordioaren arabera, hiztegi elebidunak egitea, hizkuntza batetik bestera zubi zuzena eraikitzea ahalbidetuko luketenak.

«Hizkuntzen arteko material lexikografikoak eta gramatikazkoak onura handiko tresnak dira, eta akademiek beren erantzukizun gisa hartu beharko dituzte, horrela, gure hizkuntzak lotzen dituzten elkarguneak zehaztuz eta baliatuz, eta denona den kultura-altxorrean parte hartuz», amaitu zuen euskaltzainburuak.

Euskaltzaindia 2008tik ari da bere 90. urteurrena ospatzen. Iazko urrian Iruñean egin zen XVI. Nazioarteko Biltzarrarekin eman zion hasiera bere ospakizunari eta ordutik hona beste bi ekitaldi egin ditu; bata Gasteizen, Arabako Foru Aldundian eta, bestea, Ipar Euskal Herrian, Hazparneko Elgar Kultura Etxean.

Atzo Bilbon egin zuen hirugarren ekitaldia eta, haren ondoren, datorren urrian egingo du Euskaltzaindiak urteurreneko azken ospakizuna. Euskararen Akademiak ohar baten bitartez jakinarazi zuenez, ekitaldi instituzionala izango da udazkenean egingo dena, eta Donostian, zehazki Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izango da, agintari publikoei eta gizarteko eta euskalgintzako ordezkariei bertaratzeko deia egingo dielarik.

AZKENA DONOSTIAN

Euskaltzaindiak iazko urrian egin zuen Iruñean 90. urteurreneko lehenengo ospakizuna; Gasteizen eta Hazparnen ere egin ditu eta, atzo Bilbon izan ostean, udazkenean Donostian egingo du azken ekitaldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo