GARA > Idatzia > > Kultura

Gipuzkoako ondare grafikoaren iragana eta oraina, sarean eskura

Lurraldeko historia argazkien bidez jasotzen du «www.guregipuzkoa.net» guneak, eta Gipuzkoaren iragana eta oraina erabiltzaileek zabaltzeko aukera ere ematen du. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Sailak duen katalogazioa ere ikusgai dago.

p041_f01_148x118.jpg

GARA |

Gipuzkoaren irudia ondare grafikoaren bidez osatzeko helburuarekin jaio da www.guregipuzkoa.net gunea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuko irudiak eta argazkiak bistaratzeko aukera eskaintzen duen zerbitzua, hain zuzen ere. Departamentuak urteetan Artxibo Orokorrean jaso eta kudeatu dituen irudiez gain, norbanakoek ere irudiak txertatuz Gipuzkoako iragana eta oraina eraiki dezakete. Hala, erakundeak egindako katalogazioa erabiltzaileen katalogazio amateurrarekin uztartzen da.

Argazkiak ikusi eta partekatzeko gunea da, beraz, atzo publikoki aurkeztu zutena. Modu horretan, erabiltzaileek ere Gipuzkoako sareko bilduma osatuko dute. Batetik bisitari orok bere irudiak igo ditzake gunera. Horretarako eta iruzkinak gehitzeko, ordea, erregistratzea beharrezkoa da. Behin argazkiak besteen eskuragarri utzita, Kultura eta Euskara Departamentutik Creative Commons baimena erabiltzeko aholkatzen dute, igotzen diren argazkiei baimena automatikoki gehitzen zaielarik. Baimen hori Wikipedia gunearekin bateragarria da, argazkien zabalkundea errazten du eta argazkilariaren egile eskubideak babesten ditu erabiltzailearen jabegoa errespetatuz.

Erabiltzaileak ere bere bilduma osa dezake, gustuko argazkiak gunetik ordenagailura jaitsiz. Ezarritako baimenak errespetatuz gero, Departamentuak, gainera, horretarako gonbita zabaltzen du; ondare grafikoa zabaltzea ere gunearen helburu bat delako.

Ikusienak, berrienak...

Behin gunean sartuta, irudiak bilatzeko hainbat modu eskaintzen zaizkio erabiltzaileari. Batetik, Gipuzkoako maparen bitartez bila daitezke argazkiak, hala, herri jakin batekoak nahi izanez gero izena idatzi besterik ez dago. Bilduma bidezko bilaketa ere egin daiteke. Une honetan Sigfrido Koch artista eta argazkilariaren eta Indalecio Ojanguren argazkilariarenak aurki daitezke. Horien artean, argazki historiko eta bitxiak aurki daitezke, gainera; esaterako, Kultura eta Euskara Departamenduak igotako bi: 1933an Eibarren Autonomia Estatutuko Hauteskundeak islatzen dituen irudia eta Txirrita eta Salburu bertsolariak agertzen direnekoa.

Orain arteko irudirik ikusienak eta berrienak bistaratzeko aukera ere ematen du; bertan antzinako uneek eta oraingoek bat egiten dutelarik. Esaterako, Tolosako Bonberenean Deabruak Teilatuetan taldeak 2007ko abenduan emandako kontzertua 1915ean Leaburuko alkatearen irudiaren alboan ikus daiteke. Behin argazkia aukeratuta, nahi den tamainan bistaratzeko aukera ematen dute, baita bere deskribapen osoa ikusteko ere.

Guneak bloga ere badu eta bertan www.guregipuzkoa.net-eko berri guztiak, azken iritziak, kategoriak eta estekak ikus daitezke. Sareko txoko hori erabiltzeko jakin beharreko guztia ere bertan dago azalduta.

ZABALTZEA

Gipuzkoarren ondare grafikoaren iragana eta oraina «erakutsi, elikatu, zaindu, partekatu eta ezagutarazteko» balioko duen tresna bat herritar ororen esku jartzea da www.guregipuzkoa.net gunearen helburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo