UEUren Udako Ikastaroetan Mikel Laboa izango dute gogoan
GARA |
Datorren astean amaitzen diren Udako Ikastaroetan leku berezia izango du Mikel Laboak. Izan ere, Lekeition eta Iruñean omenaldia egingo diote abeslariari.
Lehen hitzordua asteazkenean, hilaren 22an, izango da Lekeitioko Ikastolako frontoian. Asteartetik ostegunera egingo den «Euskal pop musika, euskal pop gizartearen eredu?» izeneko ikastaroaren baitan izango da ekitaldia Bizkaiko herrian. Bertan euskal musikagintzaren eta euskal gizartearen arteko loturaz hitz egingo dute. Horren baitan, asteazkenean, 21.00etan ikastolan omenaldia egingo zaio Laboari eta Xabier Montoiaren kontzertua ere izango da.
Iruñean, bestalde, ikastaroei amaiera emateko ekitaldi berezia izango da ostegunean Zaldi Zuria tabernan. Jexux Mari Lopetegi Laboaren omenezko kantaldia egingo du. Bi ekitaldietan sarrera doakoa izango da.