GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hamaika urtetako borrokak 2x2 errepide proiektua bertan behera uztea lortu du

2x2 edo Pirinioez gaindiko autobide proiektua bertan behera gelditu da hamaika urte eta gero. Kontseilu Nagusiko Batzorde Iraunkorrak Nafarroako Gobernuarekin zuen hitzarmena ezeztatzea deliberatu zuen aho batez ekainaren 29ko bilkuran.

GARA

Kazeta.info-k eta Euskal Herriko Kazetak agertutako informazioaren arabera, jarraipenik izango ez duen 2x2 egitasmoa bertan behera gelditu da. Iruñea eta Biarnoko Salis elkartzekoa zen bidea gizartearen eta hautetsien aurkakotasunaren ondorioz utzi da bertan behera. Egitasmoaren kontra sortu zen Nafarroa Behereko Leia elkarteko Daniel Olçomendik «geroari buruzko borroka historikotzat» jo zuen garaipena.

Nafarroako Gobernua hasieran ezeztatzearen kontra agertu bazen ere, Bartelemy Aguerre kontseilari nagusiak esandakoaren arabera, bi erakundeek 2003ko martxoan onartutako hitzarmenaren ezeztapena berretsi dute.

Paueko eta Bordeleko kontseilari Frantxua Maitiak egitasmoa ez dela «beste era batean» agertuko adierazi zuen, «behin betiko bukatu da». Etorkizuneko egitasmoen inguruan Aguerreren hitzetan, «beste egitasmo mota batzuk egon daitezke, baina biztanleek nahi badute». Daniel Oçomendik, bestalde, nabarmendu nahi izan zuen beraien elkartea nazioarteko kamioi bide baten kontra dagoela, «ez komunikazioaren aurka».

Egitasmoaren garapenerako azterketak gauzatzeko ia bi milioi euro erabili behar izan ditu Pirinio Atlantikoetako kontseiluak. Nafarroako Gobernua, bestalde, egitasmoa gauzatuko ez zela ikusita, Iruñea eta Luzaide arteko bidea hobetzen ari da, bertako bizilagunen eskaerei jarraiki.

Kronologia

1997ko ekaina

Nafarroako Gobernuaren eta Kontseilu Nagusiaren arteko lehen kontaktuak.

1998ko apirila

Bidearen kontra borrokatzeko Leia elkartea sortu zen.

1998-1999

Iruñea eta Biarnoko Salies elkartzeko bidearen azterketak hasten dira.

2003ko martxoa

Nafarroako Gobernuaren eta Pirinio Atlantikoen artean elkarkidetza hitzarmena sinatu zen.

2003ko iraila

Leiak deituta manifestazio jendetsua izan zen Donibane Garazin.

2005eko maiatza

Nafarroa Behereko 80 auzapezek eta kontseilari nagusik Egitasmoaren kontrako Hautetsien Kolektiboa osatu zuten.

2007ko abendua

Kontseilu Nagusiko Batzorde Iraunkorrak egitasmoa ixtea eta ezeztapena abian jartzea erabaki zuen.

2009ko ekaina

Kontseilu Nagusiak Nafarroarekin zuen hitzarmena ezeztatzea erabaki zuen aho batez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo