Bai Euskarari Ziurtagiria 195 entitate berrik eskuratu dute krisi garaian
GARA |
«Krisi garaian euskaran inbertituz» izenburupean prentsa agerraldia egin zuten atzo Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrez, Kiroljokoa enpresako marketin teknikari Imanol Amiano eta Arlan enpresako zuzendari Igor Landaluzek. Bai Euskarari Ziurtagiriak azken urtean izan dituen lorpenen berri emateaz gain, krisi garaian euskaran inbertitzeko argudioak azaldu zituzten.
Egun, orotara, 1.592 entitate dira Bai Euskarari Ziurtagiria dutenak, hala ere, 40.000 lagun baino gehiago Ziurtagiriaren eraginpean ari dira lanean. Rober Gutierrezek adierazi zuen bezala, bederatzi urteko ibilbidearen ondoren lorturiko emaitzak dira. Datu horiek Ziurtagiriak arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean egin duen ibilbide «luze eta oparoa» argi erakusten dutela nabarmendu zuen Gutierrezek.
Enpresentzako onurak
Azken urte honetan, «krisi garai betean» egonda ere, 195 entitate berrik eskuratu dute Ziurtagiria. Emaitza horiek, Gutierrezen ustez, euskaran inbertitzeak enpresari «onurak» ekartzen dizkiolako lortu dira.
Baieztapen hori azaltzeko asmoz, honako adibide hau jarri zuen: «Erosle batek hizkuntza bati atxikimendua badio, nahiago du hizkuntza horretan saltzen dionari erostea. Beraz, harremanerako hizkuntza bezeroak berak aukeratzen ez duenean nabarmen jaisten da kalitatea». Izan ere, Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren hitzetan, enpresa batek zerbait erosteko edo saltzeko erabiltzen duen hizkuntza, emaitzen ikuspegitik, «ez da faktore neutroa».
Hala baieztatu zuten agerraldian izan ziren Kiroljokoako marketin teknikariak eta Arlan enpresako zuzendariak. Amiano marketin teknikariaren iritziz, «Ziurtagiriak enpresaren irudiari onurak ekartzeaz gain, balioak gardentasunez erakusteko» aukera ematen du. Arlan enpresako zuzendari Igor Landaluzeren ustean, «Bai Euskarari Ziurtagiria enpresarentzat «etengabeko hobekuntzarako» pizgarria da.
Horrenbestez, euskararen erabilerak onurak ekartzeaz gain, euskara eremu sozioekonomikoan txertatzea hizkuntzaren normalizaziorako «estrategikoa» dela azaldu zuten. Horrela, «berrikuntza txertatzen ez duen enpresak ez du aurrera egiten, eta euskara berrikuntzaren parte da».