GARA > Idatzia > > Mundua

Estatu kolpeak izan ditzakeen ondorioen beldur dira Hego Amerikako agintariak

p019_f01_148x116.jpg

GARA |

Hondurasko krisi politikoa dela-eta kezka areagotzen ari da, batez ere Hego Amerikako herrialdeetan. Joan den ekainaren 18an Manuel Zelaya Gobernutik kanporatzeko emandako Estatu kolpeak mundu osoko herrialdeen gaitzespena jaso du, eta duela aste bat ordena berreskuratzeko negoziaketak hasi baziren ere, Venezuelako eta Nikaraguako agintariek krisi honek ekar ditzakeen ondorioekiko kezka agertu dute.

Negoziaketa prozesuan bitartekari lanetan ari den Oscar Arias Costa Ricako presidenteak egindako azken adierazpenetan «adiskidetze gobernu» baten aldeko apustua egin du. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dituen hainbat baldintza aurkeztu ditu. Batetik, Zelayak herri kontsulta eta Batzar Konstituziogilea egiteko asmoa albo batera utzi beharko lukeela adierazi du. Horrez gain, hauteskunde orokorrak aurreratzeko proposamena ere gaitzetsi du. Bestalde, ordena konstituziogilea berreskuratzeko, Zelaya presidentearen leheneratzea nahitaezkoa dela azpimarratu du.

Asteburu honetan ekingo die berriro Ariasek elkarrizketei bi gobernuetako ordezkariekin. «Herri honen etorkizuna jokoan dagoenez» irtenbideak bilatzeko bere esku dagoen guztia egingo duela gaineratu du.

Ondorioen beldur

Bitartean, Hondurasko krisialdi politikoak beste herrialde batzuetan izan ditzakeen ondorioek egonezina sortu dute Hego Amerikako mapa politikoan. Chavezek (Venezuela) eta Ortegak (Nikaragua) egoera gero eta korapilatsuagoa bihurtzen ari dela baieztatu dute. Chavez urrunago joan da bere adierazpenetan eta Hondurasko krisia gerra zibil baten iturburu izan daitekeela esan du. Michelettiren gobernu kolpistak ez du sendotzea lortu eta nazioarteko gaitzespena lortu badu ere, egoera gero eta zailagoa dela ohartarazi du. Hori dela-eta, Ameriketako Estatu Batuei Hondurasen gertatutako estatu kolpea gelditzeko deia egin die. Ortegak eta Chavezek AEBek kolpean esku hartze zuzena izan dutela salatu dute. Ortegak AEBetako aurreko gobernuak, George W. Bushenak hain zuzen, dena prest utzi zuela adierazi du eta guztiaren atzean bertako erakundeak daudela gaineratu du. Bestalde, Michelettik Nikaraguako Indar Armatuek Hondurasen sartzeko egindako ustezko saiakerei buruz egindako akusazioak salatu ditu eta guztia probokazio bat baino ez dela gaineratu du.

Fidel Castro Kubako agintari ohiak ere izan ditu AEBetako Gobernuarentzako hitzak eta Hondurasen gertatutako estatu kolpea babestu dutela salatu du. Horrez gain, duela aste bat abiatutako negoziaketak gobernu kolpistaren agintaldia luzatzeko estrategia dela adierazi du. Eta, era berean, bere tropak Hondurastik ateratzeko eskatu dio AEbetako Gobernuari.

Gaur ekingo diote berriro negoziaketari, eta bien bitartean Hego Amerikako gehiengo politikoak kezka agertu du estatu kolpeak izan dezakeen oihartzunagatik eta Zelaya itzul dadin aldarrikatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo