GARA > Idatzia > > Ekonomia

Esne sektorearentzat irtenbideak eskatuko dituzte EHNEk eta ENBAk

Euskal Herriko esne ekoizleek egoera «oso larria» bizi dutela salatu zuten atzo EHNE eta ENBA sindikatuek. Galerak dituztela eta egoera honetan luzaroan ezingo dutela iraun azaldu zuten. Baserritik bizi nahi dutela berretsi eta irtenbideak eskatuko dizkiote administrazioei, industriari nahiz banaketa alorrari. Esne litroarengatik jasotzen duten prezioa handitzeko eta beste hamaika eskaera zehatz aldarrikatzeko hainbat mobilizazio antolatu dituzte.

p022_f01_250x100.jpg

Amaia ZURUTUZA |

«Euskal Herriko esne ekoizleen egoera oso larria da eta okertzen ari da». Halaxe adierazi zuten atzo EHNE eta ENBA sindikatuetako kideek prentsaurrekoan, eta egoera honetan ezingo dutela luzaroan jarraitu gaineratu zuten.

«Baserritarrek arnasa behar dute», esan zuen Mikel Arteaga ENBAko kideak, eta egoera iraultzeko bi sindikatuek mobilizazio bateratuak egingo dituzte datozen egunotan. Hego Euskal Herriko administrazioen, industrien eta banaketa sektorearen aurrean izango dira baserritarrak, sektoreak bizi duen egoera larriari irtenbide bat eman diezaioten eskatzeko.

Uztailaren 21ean Gasteizen eta 28an Iruñean, eguerdiko hamabietan, manifestazioak egingo dituzte administrazioei hainbat eskaera egiteko. Besteak beste, Euskal Herriko ekoizpen kostuen azpitik datorren kanpoko esnearen sarrera eragozteko mekanismoak martxan jartzeko eskatzen dute sindikatuek, baita prezioen behatokia martxan jartzeko ere, «bideragarritasuna bermatu eta gehiegikeriak kontrolatzeko». Era berean, Europan hartzen ari diren erabakien aurrean, 2015ean kuota sistema desagertzearen aurka eta ekoizpenaren kontrolaren alde ekoizpen ereduaren aldaketa sustatzeko eskatzen diete administrazioei, «esne ekoizpenak ezin duelako merkatuen espekulaziora loturik egon».

Soldata duina bermatu

Industriari egin beharreko aldarrikapenei dagokienez, berriz, uztailaren 23an Tolosa eta Galarretatik Urnietako Iparlaten lantegiraino traktore karabanak egingo dituzte baserritarrek, ekoizpen kostuak estali eta soldata duina bermatuko duen esne prezioa aldarrikatzeko. Baserritarren «kalitatezko esnearen balio erantsia» kontuan hartzeko ere eskatuko diote industria alorrari, bai eta «lehiakortasunaren defentsarako auzitegiei muzin egin eta esne ekoizleei prezioak jaisteko egiten diren industrien arteko akordioak» bertan behera uzteko ere.

Azkenik, uztailaren 30ean, banaketa alorrari heldu, eta mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Sindikatuek salatzen dute banaketa alorrak baserritarren produktuak gutxiesten dituela eta euren produktuak «merkatu borroketarako» erabiltzen dituztela. Zentzu honetan, gogorarazi zuten «banaketa enpresen dirua irabazteko estrategiaren atzean» baserritarrentzako galerak daudela, eta banaketaren estrategia komertzialek eta esne industriaren politikek baserritarren ekoizpen kostuen azpitik dauden prezioak inposatzen dizkietela. «Egoera honekin esne sektoreak ez dauka etorkizunik Euskal Herrian», adierazi zuten.

Marka zurien politika komertzialek gainera produktuaren anonimotasuna sustatzen duela salatu zuten, eta horrek banaketari prezio politika bortitzak ezartzea ahalbidetzen diola, «kalitatearekin jokatuz eta kostu azpitiko salmentara iritsiz».

PARTE HARTZEKO DEIA

Esne sektoreko kideei antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zieten. Baita, sektoreko gainerako eragileei ere, «gestio etxe, albaitari, pentsu etxe eta abarri, azkenean beraiek ere nozitzen dute gure egoera eta».

«Guk baserritik bizitzen jarraitu nahi dugu»

Ahotsean nabaritzen zitzaien atzo EHNE eta ENBA sindikatuetako kideei gure herriko baserrietan esnea ekoizten dutenen egoera benetan larria dela. Esne litroagatik 0,28 bat xentimo ordaintzen diete baserritarrei, eta hura sortzeko 0,40 inguru erabiltzen dituzte. Beraz, litroko 10 bat xentimo galtzen dute.

«Egoera hau jasanezina da», esan zuen Mikel Arteaga ENBAko kideak. Baina, hala ere, amore emateko asmorik ez dutela adierazi zuten. «Guk baserritik bizitzen jarraitu nahi dugu, eta gure esnea bertako kontsumitzaileei zuzendu», esan zuen Eneritz Otamendi EHNEko kideak. Horretarako, ordea, «kalitatezko esnea produzitzen ari gara eta daukan balio erantsi hori eman eta duinki saltzea nahi dugu», azaldu zuen. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo