HARRI-JASOTZEA
Hirunaka jokatuko da Alegiako Torneoa
Jon LEUNDA |
Hirunaka jokatuko da aurtengo Alegiako Txintxarri Txapelketa. 18.30etatik aurrera jokatuko da gaur Larraitz plazan, eta bertan Izetatarrak, Izeta II.a, Izeta III.a eta Izeta IV.a alegia, neurtuko dira Irigoienen, Bertizen eta Goenatxoren aurka.
Lau harri erabiliko ditu hirukote bakoitzak. Hasteko, 125 kiloko zilindro koparekin arituko dira lanean, eta bi minutuko txanda batean, Izeta III.a eta Irigoien neurtuko dira.
Jarraian, 112,5 kiloko kubikoa izango dute kirolariek aurrez aurre, eta hor ere bi minutuko txanda bat izango dute; Izeta IV.a eta Goenatxo izango dira aurrez aurre. Hirugarren lana, berriz, 100 kiloko zilindro zaharrarekin izango dute, eta hor ere kirolariek bina minutuko txanda izango dute, eta Izeta II.a eta Bertiz neurtuko dira.
Azkenik, 100 kiloko bolarekin jardungo dute, eta horrekin aritzeko hiru minutuko txanda bat izango dute, eta hirukote bakoitzeko bik aritu beharko dute txanda librean.
Dudarik gabe, saio bikaina iragartzen da aurtengo honetan. Txapelketa hau banaka jokatuz hasi zen, joan den urtean binaka jokatu zen, eta aurtengoan antolatzaileek beste urrats bat eman dute, eta hirunaka jarri dute.
Izetatarrak izango dira alde batean, eta hori izugarria da, familia bateko hiru kidek horrelako talde bat osatzea oso zaila, ia ezinezkoa baita. Beste aldean, egungo izar nagusia, Aimar Irigoien, alegia, eta bere alboan beterano handi bat, izan ere, Goenatxok oraindik lan bikainak egiten jarraitzen baitu. Horiekin batera, berriz, Bertiz arituko da. Nafarra gora egiten ari da, eta gaur handiekin batera lehiatuz bere maila erakusteko parada izango du.
Urdax Magunazelaia
Alegian jokatuko den torneoa ez da izango gaurko harri-jasotze saio bakarra, izan ere, 18.00etatik aurrera Otxandioko plazan egingo den saioan Urdax Magunazelaia izango da protagonista.
11 urteko mutiko honengan itxaropen handia dago jarria, eta oraingoz egiten ari dena latza da. Gaur marka berri bat jarri nahi du, eta bizkaitarrak 113 kiloko harri angeluzuzena jaso nahi du. Aurreko marka joan den udaberrian egin zuen Asteasun, eta orduan 106 kiloko harria jaso zuen.
Zaleak gaur ere markaren bat ikusiko dutelakoan daude. Etxean jasota doa plazara, eta horrek konfiantza emango dio gaztetxo honi. Gainera, plazan kikiltzen ez den horietakoa da, eta gaurkoan ere bere abilezia guztia erakusteko modua izango du. Zelai bere entrenatzaile eta gidaria ere han izango du alboan, eta horrek berak ere konfiantza handia ematen diola onartzen du Urdaxek.
Askok jotzen dute etorkizuneko Irigoienen aurkari nagusitzat, baina oraindik hamaika urte besterik ez ditu. Gauzak ongi egiten ari da, eta denborak esango du iragarpenak betetzen diren ala ez.