San Miguel Liga
Moaña izango da egunotan traineruaren hiriburu
Urdaibaik Fran Gonzalez entrenatzaile postutik kentzea erabaki du.
Asier AIESTARAN |
Moaña izango da asteburu honetan arraunaren hiri nagusia. San Miguel Ligako bosgarren eta seigarren jardunaldiak bertan jokatuko dituzte gaur (Ria de Vigo Sari Nagusia, 18.00, ETB) eta bihar (Fandicosta Sari Nagusia, 12.00, ETB), lehiaketak Galizian egin beharreko lanei amaiera jarriz. Aipatu beharra dago, asteburuak berezitasun bat izango duela. Zarautzen eta Kontxan gertatzen den moduan, Concello de Moaña banderaren irabazlea erabakitzeko bi jardunaldietako denborak batuko dira. Hori bai, ligako sailkapenari begira, estropada bakoitzean ohiko puntuak banatuko dituzte.
Aurreko astean ikusitakoak ikusita, Castro izango da berriz ere Pontevedrako uretan irabazteko faborito nagusia. Juan Mari Etxabe entrenatzaileak behin baino gehiagotan onartu duenez, aurtengo neguan lan handia egin dute traineruarekin ibaian, taldeak ur geldoetan eman dezakeen errendimendua hobetzen saiatzeko. Oraingoz, jokatutako lau estropadetatik hiru haiek irabazi dituzte eta asteburuko bi probak ere itsas-adarrean jokatuko dira. TKE Liga aurreneko aldiz irabazteko apustua bide onetik doa.
Entrenatzaile aldaketa Bermeon
Kantabriarrei aurre egiten saiatuko dira San Pedro, Hondarribia eta Urdaibai, ohorezko txanda osatuko duten hiru euskal ontziak. Bi gipuzkoarrak pozez zoratzen dabiltza, baina komeria gehiago ditu Urdaibaik. Dena irabazteko faborito ziren bermeotarrak, baina denboraldi hasiera apala izan dute eta asteazkenean Bizkaiko Txapelketan kolpe gogorra jaso zuten. Atzo jakitera eman zutenez, Fran Gonzalez galiziarrak ez du entrenatzaile postuan jarraituko eta, bere ordez, Iker Zabala arraunlariak hartuko du taldearen ardura nagusia.
KAE-1 Ligako hamabi traineruek Orion dute gaur hitzordua. Emakumezkoen estropada 16.30ean hasiko da, Getaria-Tolosa, Hondarribia, Zumaia eta Astilleroren parte hartzearekin. Gizonezkoen artean, Astillero liderra izango da faborito nagusia.