GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Txistulariei omenaldia eginez hasi dituzte festak Irurtzunen

Arratsaldeko seietan jaurti zuen suziria ezker abertzaleko zinegotzi Pakita Arruabarrenak, Irurtzungo kaleak alaitzen hainbeste urte daramaten txistulariekin batera; haien izenean Alicia Navarro. Aurten agur esan du txistu taldeak eta orain arte egin duten lana eskertzeko Irurtzungo festak aukeratu dituzte herritarrek hari omenaldia egiteko. Suziria bota eta kalejira hasi zuten.

p016_f02.jpg

Izaro ARBILLA |

Arratsaldeko seiak, hodeiek euria iragartzen zuten, Irurtzungo plazako inguruak beteta, koadrilatan bilduta, gazteak txosnetan festa hasten... denak txupinazoaren zain. Udaletxeko balkoian, ANVko zinegotzi Pakita Arruabarrena eta Alicia Navarro txistularia, puntuan noiz emango duen zain, festa noiz hasiko zain.

Ostiraletik asteazkenera iraungo du jaiak, sanferminetako ajea gainditzeko ia egunik gabe, berriz ia aste osoa iraungo duen jai giroa hasi zuten atzo Irurtzunen. Txupinazoa jaurtita, erraldoi eta buruhandi konpartsa, gaiteroak, txistulariak eta Orritz dantza taldearen kalejirak eta jarduerak izan zuten Irurtzungo plazan tokia. Seiak eta laurden inguru egin zuten 2008. urtean jaiotako umeentzako zapi banaketa. Herri afariaren osteko Alaiki taldearen kontzertuan dantzan amaitu zuten eguna irurtzundarrak. Gauak, aldiz, aurrera egin zuen askorentzat. Egitarauan, denetariko ekintzak aurki ditzakegu, bai gaztetxoentzat eta baita helduentzat ere; haur jokoak, goitibeherak, disko-jaia, rock kontzertua, eskorga-kronoeskalada, herri kirolak, dantzaldiak Joselu Anaiak taldearen eskutik, kalderete txapelketa, kale antzerkia, gorputz makillajea, buruhandiak, su artifizialak...

Irurtzundarrek omenaldia egin zieten herriko txistulariei. 27 urtez aritu dira talde gisa, konpartsa baino urte bat lehenago hasi ziren jotzen.

Txistulariei agurra

Zazpi txistularik osatzen dute aurten agur esan duen taldea. Oso ezagunak dira herrian, izan ere, 27 urte daramate Irurtzungo ekitaldi garrantzitsuetan jotzen, Olentzero egunean, inauterietan... eta nola ez festetan ere bai. Gaitero eta konpartsarekin batera alaitu izan dituzte Irurtzungo karrikak, baina aurten taldea bertan behera uztea erabaki dute. Herriak erantzuna eman zion horri, festetako suziria botatzeko eskatuz eta omenaldi beroa eginez. Suziria Alicia Navarrok, taldeko txistularietako batek, bota zuen. Taldea uzteko erabakia urte asko daramatelako hartu dute; gainera, jende gaztea dago orain eta erreleburako garaia zela iruditu zitzaien. Horrela aurtengo festetan ez dute joko, jada lekukoa gazteei pasa diete-eta.

Txistu eta gaiten musikaz egin zuten kalejira Irurtzungo karriketan barrena, erraldoi eta buruhandiez lagunduta. Horren ostean, Orritz dantza taldearen emanaldia izan zen plazan, dantzariek aurreskua, larrain-dantza eta jauziak dantzatu zituzten. Jai giro bikaina zen herrian, eta askok txupinazoaren aurretik ere hasia zuten jaia.

Haur, gazte, heldu zein adinekoentzat ekitaldi ugari izango da

Txikienetatik hasita, eta gazteek lo egiten duten bitartean, egun hauetan ikuskizuna «Renato!», euskarazko emanaldia, kale antzerkia Trapu Zaharra taldearekin, erraldoi eta buruhandien konpartsa, dantzari txikien eskolaren emanaldia, zezensuskoa, su artifizialak, gorputz makillajea, txokolate-jana... Beste guztientzat, pilota partidak, herri kirolak, eskorga kronoeskalada, kalderete txapelketa, «urban day», disko-jaia, kotzertuak, «video games party», goitibeherak, Joselu Anaiak eta Trikizio taldearen dantzaldiak, ginkana, herri bazkariak, txakur hezitze ikuskizunak...

Tabernez gain, hiru txosna jarri dituzte plazan eta horietan ere badituzte hainbat ekintza prestaturik. Herriak egitarau zabal baten aldeko apustua egin du, adin guztietako herritarrek jaiaz goza dezaten. Atzo, ostirala, hasi ziren eta asteazkenera arte iraungo dute.Pilota partida, Azabache taldea eta udako zinemarekin («Noche en el Museo 2») emango diote Irurtzundarrek amaiera festari.

I.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo