GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Angel Velez Medrano Iruñea

Euskarazko hedabideei Nafarroako Gobernuaren erasoa

Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako Gobernuaren jokaera salatu nahi du, Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna urratzeko borondate garbia duelako, Espainiako Estatuak berretsi zuen arren.

Europako Adituen Batzordeak gomendatu zuen eremu mistoan euskararen babesa eremu euskaldunean bezainbestekoa izateko formula egokia aurkitzea (4. gomendioa). Baita Nafarroan, irrati saioetan eta telebistan euskararen erabilpena sustatzeko planteamendu egituratua hartzea (5. gomendioa) ere.

Eurokartak 11. artikulua eskaintzen die komunikabideei.

Nafarroan betebeharreko puntu guztiak urratzen dira, Adituen Batzordearen arabera: 11.1.a.1, b.1, c.1, d, e.1, f.2 eta g.

Arrazoiak: irrati edo telebista publikoak euskaraz ez dira bermatzen; irrati edo telebista pribatuak euskaraz ez dira bultzatzen; euskarazko ikus-entzunezko obrak ez dira sustatzen, ezta diruz laguntzen ere; euskarazko prentsa ez da sustatzen; kazetarien euskarazko prestakuntza ez da egiten. 2008ko abenduko data dauka txosten horrek.

Hortik aurrera, Nafarroako Gobernuaren jokaera are lotsagarriagoa izaten ari da. Euskarazko komunikabideei ematen zitzaizkien laguntzak %95ean murriztu ditu (ia ezerezean geratuta), Ttipi-Ttapa Telebistaren itxiera eraginez; TDTren ezarpenaren bidez, Euskal Telebistaren hartzea oztopatzen ari da (ETB1 eta ETB3 ez dago, oraingoz, modu digitalean ikusterik, eta, beraz, sortu zenetik ETB3 euskarazko katea ez da Nafarroan ikusten); Euskalerria Irratia ixteko mehatxu zuzena egin du, sortzen ez dituen balizko interferentziak direla eta (euskarazko irrati bakarra da Iruñerrian).

Eurokarta modu lotsagabean urratzen du UPNren eta CDNren Gobernuak eta PSN-PSOEren isiltasun konplizearen laguntza dauka.

Indarrean dauden nazioarteko konpromisoak urratzen dituen Gobernuak ba al du legitimitaterik Legeak egiteko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo