Bakiok badu jada gune autogestinatu eta askea
Hiru hilabete garbitze eta atontze lanetan eman ostean, atzo zabaldu zuten Bakioko gaztetxe berria. Autogestionatua eta askea izango den gune hau izateko borroka luzea izan da, baina etorkizun oparoa izatea espero dute. Zortzi lagun bizi dira orain bertan, «baina ateak zabalik daude».GARA |
«Uztailaren 18 hau egun historikoa bihurtu dugu», horrela mintzatu ziren herriko gazteak, atzo Bakion gaztetxe berriaren irekiera jaian.
Hiru hilabete eman dituzte azken bi urteetan hutsik zegoen hotela berritu eta egokitzen, aurrerantzean, «gure beharrizanak betetzeko eta herritar guztiontzat zabalik egongo den gune askea» izan dadin. Izan ere, «etxebizitza politika basati honen gainetik eta merkatuaren legeetatik at» eraikin bat izateko beharra zuten. Une honetan zortzi lagun bizi dira bertan, baina «aurrera egiteko zailtasunak dituzten gazteei ateak ireki eta ohe bat emateko» asmoa dute.
Atzoko eguna, Gazte Eguna, handia zuten oso, ez baitaramatzate alferrik hainbeste urte gazteek lokal autogestionatu eta aske bat aldarrikatzen, eta besteren artean, galdeketa eta sinadura bilketa ere egin zuten; izan ere, Udalak, hasiera batean gazteontzako lokal bat martxan jarriko zuela adierazi zien arren, gerora entzungor egin die gazteen eskaerei. «Beraien helburu bakarra, desgaste ekonomikoa eta gazte kritikoak zapaltzea baino ez da», salatu zuten.
«Erreferentzia izateko nahia»
Baina izan dituzten traba eta zailtasunez haratago, etorkizunean jarri zuten gogoa eta gaztetxea kultura erreferente bilatzeko helburua dutela adierazi zuten. «Gune aske izateaz gain, iritzi eta kolore guztietako jendea barne hartuko duen gaztetxe bihurtuko dugu, euskalduna, parekidea, elkarlanean eta autogestioan oinarritua», berretsi zuten.
Adierazpenok eguerdiko ekitaldi nagusian egin zituzten, baina egun osoan makina bat ekimen antolatu zituzten Gazte Egunaren karietara. Hala, goizean trikipoteoarekin abiatu zuten eguna eta eguerdian bazkari oparoa egin zuten gaztetxearen atarian. Arratsalde partean, berriz, herri kirol olinpiada, kalejira eta poteoa egin zituzten, besteren artean.
Eguna jai giroan igarota ere, «desalojoaren mamua» gainean dutela badakite gazteek eta kasu horretan, «gure eskaera eta beharrizanei entzungor egiteagatik eta herritarren erabakiak ez errespetatzeagatik», erantzule bakarra Udala izango dela nabarmendu zuten gazteek.