GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gobernu frantsesa «GAL berri baten atzean» egon litekeela uste dute

Hiru hilabeteotan Jon Anzaren arrastorik agertu ez denez, ezker abertzaleak «gerra zikinaren berraktibatzearen aurrean» gainerako eragileekin elkarrizketa erronda abiatuko duela iragarri du. Donostiarraren desagerpena Estatu espainolaren «gerra estrategiaren baitan» kokatu zuen arren, Barne Ministerio frantsesak ere parte hartu duela iradoki zuen Xabi Larraldek; «nork pentsa dezake Anza Polizi frantsesak jakin gabe desagerrarazi dutela?», itaundu zuen.

p011_f03.jpg

Oihana LLORENTE |

Jon Anza militante politikoa azkenekoz ikusi zutenetik hiru hilabete betetzen ziren atzo, eta ezker abertzaleko ordezkaritza zabal batek «gerra zikinaren berraktibatzearen aitzinean» gaudela ohartarazi nahi izan zion euskal gizarteari. Egoera honi aurre egitea ez dela soilik ezker abertzalearen erantzukizuna argudiatuta, eragile politiko eta sozialekin elkarrizketak egingo dituztela jakinarazi zuten Baionan egindako agerraldian eta «mintzatzeko eskaintza horri uko egitea» ez dutela onartuko.

Batasuneko mahaikide Xabi Larraldek Gobernu espainolak Euskal Herriaren aurka abian duen «gerra osoko estrategiaren baitan» kokatu zuen iheslarien desagerpena eta, beraz, ekintza bakana ez dela azaldu zuen. Madrilek egun, errepresio «eskaintza osoa» zabalik duela salatu, eta ilegalizazioak, militanteen jazarpena eta sufritzen duten xantaia aipatu zituen.

Alabaina, errepresio estrategia horri, zalantzarik gabe Estatu frantsesak bere ekarpena egiten diola esan zuen. Alde horretatik, Estatu frantsesean bertan dauden polizia baliabideak eta zerbitzu sekretuak aintzat harturik, polizia frantsesa atzean egon gabe Anza ezin desager zitekeela adierazi zuen. Ildo horretatik, bahiketa eta desagerpen kasu horiek Estatu frantseseko Barne Ministerioaren oniritzirik gabe nola gerta daitezkeen galdetu, eta «GAL berri baten abiatzearen parte» izan daitezkeen susmoa agertu zuen Batasuneko kideak agerraldian.

Estatu frantseseko eta espainoleko gobernuek kudeatzen duten errepresio estrategia honen xedea ezker abertzalea Euskal Herriko agertoki politikotik «desagerraraztea» dela baieztatu zuen Larraldek; «azken finean, ezker abertzalea makurraraztea eta etsiaraztea da euren helburua», gaineratu zuen.

Aitzitik, «ez errepresioak, ez eta gerra zikinak ere» ezker abertzalearen borroka ez dutela eraldatuko esan eta «agertoki demokratiko bat erdietsi arte bere bidean jarraituko» duela berretsi zuen. Eta, horrez gain, «Jon non dago?» eta «zer egin duzue Jonekin?» galderei erantzuna aurkitu arte ez dutela etsiko adierazi zuen, galdera horiei erantzuna aurkitzea ezker abertzalearen egitekoa soilik ez dela zehaztuta.

«Jonen arrastorik ere ez»

Horiek horrela, eta Larraldek esandakoaren arabera, «egoeraren larritasunak bultzatuta», elkarrizketa erronda abiatuko dute datozen egunotan. «Inor ezin baita isilik geratu edo bere burua gertakari honetatik kanpo ezarri», adierazi zuen Batasuneko ordezkariak.

Anza desagertu zenetik hiru hilabete eta salaketa judiziala jarri zenetik bi igaro direnean, Donostiako militantearen «arrastorik ere ez» dagoela eman zuen aditzera Askatasuneko eledun Anais Funosasek.

Gogoan izan zituen Barne ministro espainol Alfredo Perez Rubalcabaren zein Justizia ministro frantses Michele Alliot-Marieren hitzak, eta hiru hilotan jasotako erantzuna «mespretxuz eta irainez beterikoa» izan dela salatu zuen Funosasek, alboan Batasuneko, Segiko, LABeko eta iheslarien kolektiboko ordezkari ugari zituela. Ez zuen bere haserrea ezkutatu eta Anza «konpromiso handiko» militante politikoa dela esan eta horrelako adierazpenak benetan iraingarriak direla adierazi zuen.

Ezker abertzaleak eta Anzaren senideek euren kabuz egindako ikerketek zein araketa ofizialek emaitzarik eman ez dutenez, eta horri Euskal Herriaren historia hurbilean eta azken hiletan jazotako hainbat gertakari gehituta, «gerra zikinaren kasu berri bat dela» ondorioztatu zuen Funosasek.

Azkenaldian Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bereziki, baina oro har Estatu frantses osoan «kolaborazioaren aitzakiapean» Estatu espainoleko indar polizialek lehen baino eskumen gehiago dituztela adierazi zuen Funosasek: «Polizia espainolak hemen ditugu, gu guztion atzetik, atxiloketetan, galdeketetan armaturik».

Ez litzateke lehen bahiketa

Horren erakusgarri gainera, iazko abenduan Donapaleun Juan Mari Mujika iheslari politikoari gertatutakoa ekarri zuen gogora, izan ere, ordu batzuetan bahituta izan zuten hainbat polizia espainolek. Lander Fernandez bilbotarraren bahiketa ere aipatu zuen Funosasek, bai eta herenegun Zigor Goikoetxearen etxearen kontrako erasoa ere. Haren baserrian margotuta agertu ziren «erasozko hitzak», eledunaren irudiko, argi eta garbi erakusten dute Euskal Herrian «gerra zikinaren estrategia indarrean dagoela».

«non da jon?»

Hiru hilabete luze Jon Anza non dagoen galdetzen aritu eta bere arrastorik ez dagoela ikusirik, «zer egin duzue Jonekin?» galdera bota zuen Larraldek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo