Ibon Artola Euskal Herria Sozialista aldizkaria
Greba orokorraren ondoren zer?
Maiatzaren 21eko greba orokorrak langile klaseak daukan potentziala erakutsi zuen. Patronalaren eta komunikabideen kanpaina, presioa eta mehatxuak handiak izan arren, ezin izan zuten azken urteetako langileen mobilizazio garrantzitsuena oztopatu. Dudarik gabe, greba orokor honek milaka langileren buruak astindu zituen, baita lanean geratu zirenena ere, eta beharrezkoa da aurrera begira sindikatuek modu honetako mobilizazioak langile mugimendua elkartzeko eta antolatzeko erabiltzea.
Errealitate gordina erakusten ari da fabrikaz fabrikako borrokak ez direla nahikoa kapitalisten erasoei aurre egiteko. Maiatzaren 21eko greba orokorra aurrerapauso garrantzitsua izan zen gatazkan dauden hainbat enpresatako langileen borrokak elkartzeko. Helburu nagusietako bat izan behar da langileen fabrika bakoitzeko borrokak elkartzea eta antolatzea, langileen batasunarekin soilik izango baita posible krisiaren ondorioei aurre egitea. Langileen borrokaren zatiketak burgesiaren interesei soilik egiten die mesede.
Langile klasearen kontzientzia baxua dela, langileek borroka ez dutela egin nahi edo langile klasea existitzen ez dela ere entzun behar izaten dugu sarritan hainbat agintari sindikalen partetik. Egia al da kontserbadorismoak indar handia duela langile klasean? Krisi kapitalista eta krisi iraultzaile guztietan, euren ardurei beldurra izan dieten langileen ordezkariak langileen kontserbadorismoaren atzean gorde izan dira. Historiak hainbat adibide esanguratsu utzi dizkigu. Baina langile klaseak behin eta berriz erakutsi du zenbaterainoko sakrifizioak egiteko gai den bere eskubideak defendatzeko eta gizarte berri bat eraikitzeko. Arazoa ez da langileen kontzientzia baxua, langileak ez antolatzearen eta ez mobilizatzearen arduradun nagusiak sindikatuetako zuzendaritzak dira. Horregatik, sindikatuetako zuzendaritzei eta arduradunei dei egiten diegu kaleratzeen eta enpresa itxieren aurka mobilizazio eraginkorrak antolatzeko, fabrika ezberdinetako borrokak elkartzeko, langileak antolatzeko eta banku, enpresa handi eta krisian dauden enpresen espropiazioa defendatzeko. Honi esker izango da posible langile klasea indar historiko bihurtzen joatea eta langileek beren indarretan konfiantza izatea.
Langileen borroka lehen pausoak soilik ari da ematen. Langile askorentzat maiatzaren 21eko greba orokorra hasiera izan zen, badakite gogorrena etortzeko dagoela. Fabriketan, lehenengo EREak sartu ondoren, bigarrenak ari dira bultzatzen langileen kaleratzeak eskatuz. Bitartean, langabezia sorospena bukatzen joango da eta gero eta langabetu gehiago geratuko dira datozen hilabeteetan inolako diru sarrerarik gabe. Langabeziaren igoerak eta langabezi sorospenaren gutxitzeak leherketa sozial garrantzitsuak eragin ditzake datozen garaietan.
Grebarekin sortutako giroari helduz, beharrezkoa da Euskal Herri osora langileen eskubideak defendatuko dituen programa bat zabaltzea. Eta programa horretan joan beharko lukete langile klasearen eta hauen sindikatuen batasuna, sistema kapitalistaren salaketa eta maiatzaren 21eko greba orokorrari jarraipena ematearen beharra. Garrantzitsuena langile mugimendua behetik indartzea da, sindikatuetan, batzarretan eta borroka komiteetan langileen parte hartzea handituz.
Euskal Herriko eta bi Estatu zapaltzaileetako burgesiek ez diete uko egingo langile klasearen aurka dauzkaten asmoei. Krisiaren pisu guztia gizarteko sektore zapalduenen gainean jarri nahi dute eta aurrez aurre mugimendu masibo, antolatu eta indartsu bat ez badute topatzen harrotu egingo dira eta eraso gehiago prestatuko dituzte. Baina langile mugimendua programa iraultzaile batekin antolatzea lortzen badugu, harrokeriak kenduko zaizkie, kapita- lismoari bukaera eta gizarte sozialista bat eraikitzeari hasiera emateko aukera sortuz.