Jokoak Ipar Euskal Herriko finalak
Martikorena izan da 100 kiloko koparekin onena
Urruñako harri-jasotzailea izan da herrialdeko onena. Arbenoitz ere protagonista nagusi izan zen, bi txapel jantzi baitzituen, lasto-jaurtiketan eta trontzan, azken honetan Olaizolarekin batera.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Ipar Euskal Herriak sei txapeldun berri ditu, herenegun gauean jokatu baitziren sei kiroletako finalak. Zaleek erantzun ona eman zuten, Hendaiako Beltzenia pilotalekuko harmailek erakusten zuten legez.
Kirolik erakargarrienetakoa, dudarik gabe, harri-jasotzea da. Horretan Martikorenak jantzi zuen txapela. Bi kirolari besterik ez ziren neurtu eta harri bakarrarekin lehiatu ziren. 100 kiloko zilindro kopa izan zuten aurrez aurre, eta Martikorenak 25 jasoaldi eman zizkion bi minutuan. Tarte horretan, Ostitzek, berriz, 22 jasoaldi eman zizkion. Bi harri-jasotzaile gazte hauek ari dira beren bidea egiten, eta final hauetan ere maila polita eman dute. Hala ere, biak gogotsu daude, eta hori kirol hau herrialde horietan bultzatzeko garrantzitsua izango da zalantzarik gabe.
Trontzako finala ere jokatu zen. Bost bikote neurtu ziren, eta etzandako enbor bati hamar epai ematea zen helburu nagusia. Olaizola-Arbenoitz bikoa izan zen onena, eta lan guztiak burutzen 3 minutu eta 22 segundo behar izan zituzten. Bigarren, Thikoipe-Etxeberri sailkatu ziren (3.49), hirugarren Duhalde-Goienetxe (4.27), laugarren Maillot-Bidarte (5.50) eta azken postuan, berriz, Donamartiriko bikoa (6.45).
Berriro ere Arbenoitz
Andde Arbenoitz izan zen gaueko protagonista nagusietako bat. Urruñarrak trontzako txapela janzteaz gain, lasto-jaurtiketakoa ere lortu zuen. Berak ezarritako marka inork ezin izan zuen hobetu. 5 metro eta 60 zentimetroraino bota zuen lasto fardoa, eta horrek txapelketako onena izateko balio izan zion. Bigarren postuan sailkatu zen Hualde eta honen marka 5 metro eta 50 zentimetrokoa izan zen. Lasaga izan zen laugarren (4,60 m) eta Gaux azkena (3,50 m)
Txinga txapelketa ere jokatu zen. Kirolari bakoitzak 50 kiloko txingak erabili behar izan zituen esku bakoitzean, eta 30 metroko plazan ibili behar zuten aurrera eta atzera.
Garailea Verhoye izan zen. Honek 1.020 metro egin zituen. Bigarren, berriz, Mendibil sailkatu zen (820,5 m), hirugarren Etxeleku (684,10 m) eta laugarren, berriz, Orzarai (60 m).
Lokotx-biltzeko txapela, berriz, Larretxeak lortu zuen. Bera izan zen azkarrena, eta alde nabarmena kendu zion bigarren sailkatu zen Hariskiani, ongi merezitako garaipena erdietsiz. Lokotx guztiak batzen, Larretxeak 6 minutu eta 51 segundo behar izan zituen, eta bigarren sailkatu zen Hariskainek, berriz, 7 minutu eta 11 segundo. Hirugarren Karrikaburu geratu zen (7.33) eta azken postuan, Trebucqek amaitu zuen (7.36).
Azkenik, orga-jokoko finala jokatu zen. Mendiburuk eskuratu zuen garaipena. Gurdiari 3 itzuli eman eta 26,70 metro egin zituen. Bigarren postuan, berriz, Lartzabal geratu zen, eta honek 2 itzuli eta 24,50 metro egin zituen. Hirugarren, Casuso izan zen, eta honen marka 2 itzuli eta 22,20 metrokoa izan zen, eta azken postuan, berriz, Guillemin sailkatu zen itzuli bat eta 20,50 metro eginda.
Ipar Euskal Herriko lehenengo sei finalak jokatu dira, baina oraindik beste mordo bat geratzen da jokatzeko, eta tartean aizkolariena ere bai.
Tubik irabazi zuen Otxandion jokatutako Euskal Herriko Lasto-altxatze Txapelketa. Bizkaitarrak 24 jasoaldi egin zituen, eta inork ezin izan zion erantzun.
Bigarren Bereau izan zen (21 jasoaldi), hirugarren Lapazaran (21 jasoaldi), laugarren Atutxa (21 jasoaldi), bosgarren Sein (19 jasoaldi), seigarren Telletxea (17 jasoaldi), eta atzetik Ardeo anaiak.