GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira 600 kiloko finala

Goiherrik berriro ere gainerakoak baino maila bat gorago dagoela erakutsi du

J.L. | DONOSTIA

Ez da inongo ezusterik izan, eta Goiherri A taldeak bereganatu du Euskal Herriko Txapelketa 600 kilotan, eta jadanik amaitu diren hiru pisuetan txapela jantzi du. 600ekoaz gain, 640 eta 680koa ere lortu ditu.

Mutrikun, Mijoa auzoan, jokatu zen azkeneko jardunaldia atzo, eta Goiherrik ez zuen barkatu. Azkeneko jardunaldira aldearekin heldu ziren, eta azkeneko norgehiagokan ere jaun eta jabe izan ziren, tiraldi guztiak bereganatuta.

Bigarren postuan ere ez zen inolako ezusterik izan. Gaztedi zetorren postu horretan, eta hortxe amaitu du. Azkeneko jardunaldian galdu egin zuen Goiherrirekin, baina gainerako guztiak mendean hartu zituen.

Mutriku

Hirugarren posturako lehia gogorra espero zen, eta Mutrikuk eskuratu zuen garaipena. Hala ere, gipuzkoarrek nahiko saio korapilatsua izan zuten. Goiherriko lehen taldearekin eta Gaztedirekin galdu egin zuen. Gohierri B taldearekin berdindu egin zuen, eta Getxori irabazi. Atzo Getxo izan zen laugarren Goiherri Bri irabazita, eta azken hauek itxi zuten sailkapena, Mutrikuri tiraldi bat kenduta.

Sailkapen nagusian, Goiherri geratu da lehen postuan, 16 punturekin; bigarren Gaztedi, 12rekin; hirugarren Mutriku geratu da 9,5 punturekin; laugarren Goiherri, B 6,5ekin; eta azken postuan Getxo izan da, 4 punturekin. Orain, txapelketa amaitzeko 580 kiloko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen, eta hor ere lehen postuan da Goiherriko taldea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo