GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Kanaldudek 2008ko emaitzak positibotzat jo eta hitzarmena sinatu du

Aldudarrak bideo elkarteak biltzar nagusia egin zuen iazko saioa baloratzeko. Herriko gorabeherak baloratu eta erakusten dituen tokiko telebista parte hartzailea kontzeptu gisa biziki aberatsa delakoan, Garazi-Baigorri Herri Elkargoarekin hitzarmena ere sinatu zuen Arrosan.

Gaxuxa ARRANBIDE | ARROSA

Kanalduderen biltzar nagusia izan zen ostiralean, iazko jardunaren balorazioa egiteko eta Garazi-Baigorri Herri Elkargoarekin egoitza Arrosan duen elkartea sei urtez sostengatzeko hitzarmena izenpetzeko.

Maila guztietan egindako ibilbidea positiboa dela adierazi zuen Ximun Carrere Kanaldudeko arduradunak. Hala ere, finantziazioari dagokionez, urtea 4.500 euroko irabaziekin bukatu badute ere, gehiago egitea espero dute datorren urteetan.

«Enpresa baten funtzioa dugu gaur egun, elkartea garen arren. Enpleguak sortzen ditugu eta zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu. Horren baloratzea aurrekontuetan ikustea espero dugu», nabarmendu zuen Carrerek.

Garazi-Baigorriko Herri Elkargoak elkarteak egiten duen lana baloratzen duela adierazi zuen eta, zentzu honetan, Kanaldudekin hitzarmena sinatzeko ados agertu ziren. «Profesionaltasun handia erakusten duzue. Telebista parte-hartzailearen kontzeptua biziki gustukoa dugu, iruditzen baitzaigu herritarrak formatzeko interesgarria dela. Herrian zer gertatzen den islatzen duzue, bai eta herriko bizia baloratu eta erakutsi ere», azaldu zuen Garazi-Baigorri Herri Elkargoko lehendakariak.

Orain arte Herri Elkargoak 6.000 euro ematen zizkion elkarteari; hitzarmen honi esker, berriz, sei urtez urteko 15.000 euro emango dizkio. «Lehen urrats hori egitea guri zegokigun eta agian urrats horrek bestei gogoa piztuko die», gaineratu zuen Galantek akordioa izenpetzean.

Frantxoa Maitia Akitaniako Kontseiluko ordezkaria han zegoela baliatuta, Kontseilu Nagusiari eta Eskualdeko Kontseiluari diru laguntza gehiago galdegin zion Carrerek, elkarteak jasotzen duen laguntzen %3a baizik ez dutelako eskuratzen gaur egun bi erakunde horietatik. Alta, Maitiak ez zuen deus hitzeman. «Kontseilu Nagusitik zeharka jasotzen duzuela ez ahantz. Eskuratzen duzuen diru pribatuaren erdia bederen Kontseilu Nagusiak emandakoa da», argudiatu zuen. Hala ere, urria hasieran Akitaniaren eta Euskal Herriaren artean proiektuak laguntzeko bozketa izango dela adierazi zuen, eta Kanaldude zerrendan sartua den ala ez begiratuko duela zin egin zuen, hortik «diru laguntza poxi bat eskura dezazuen bederen».

2008. urteko jardunaren laburbiltzea izan zen, ordea, biltzarraren helburu nagusia. Haien lana hiru arlotan oinarritu dela azaldu zuen elkarteko lehendakari Isabelle Gaminek, hau da, elkartearen egituraketa lanak, Kanaldude proiektuan sartzen diren ekintzak eta elkartearen bestelako lanak.

«Urte horretan bi lanpostu sortu ditugu eta lan handia egin ahal izan dugu. Astean bi erreportaje atera ditugu. Hala ere, bideoaren bitartez bakarrik ezingo genuke bizi, kasik diru sartzeen erdia beste lan batzuei esker lortutakoa delako», azaldu zuen elkarteko lehendakariak.

Egituraketan, elkarte izatetik SCIC deitu sozietade bilakatzeko gestioak egiten ari dira eta aurten gauzatzeko bidean izango dela espero dute.

Horrek lan egiteko modua aldatu beharra ekarriko luke, baina abantaila ekonomikoak espero dituzte, gaur egun zerbitzu publiko baten lana egiten baitute eta enplegu sortzaile baitira.

HEDAPENA

Kanaldude proiektuan hedapen eta produkzio lana egin dute. Hala, «www.kanaldude.org» gunea berritu eta garatu dute, TVPIrekin harremanak sendotu dituzte eta irailetik aurrera euskarazko emankizunak izango dira astean bi orenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo