«Eskoziako jokoak kolore zuri, gorri eta berdez jantziko ditugu aurten»
Highlands Games Munduko Txapelketako antolatzaileetako bat da Gerri Reynolds. Jaiotzez ingelesa den arren, eskoziar kulturarekin bat egin du bertara bizitzera joan zenetik. Euskal Herritik joandako ordezkariekin harreman estua du.
Nolakoa izan zen Idiazabalgo Herri Ekimanerakin izandako lehen hartu-emana?
2008an izan nuen lehenbizikoz proiektu honen berri, hain zuzen ere, Invernessera (Eskozia) etorri zirenean, orduan izan nintzen estreinakoz beraiekin. Idiazabaldarren erakustaldia ikusi zuten Invernesseko herritarrak ere maitemindu egin ziren euskal kulturarekin. Badakit, hemengo jendea idiazabaldarren itzulerarekin irrikitan dagoela; berriz ere beraien erakustaldia ikusteko gogoz daude.
Nazioen Mundua proiektua eskaintza bikaina dela uste dut, euskal hizkuntzaren eta kulturaren zein euskal herritarren autodeterminaziorako nahiaren inguruko kontzientzia zabaltzea lortu duelako. Euskal gizartearen erronkarik handiena da gaur egun zaudeten tokitik egon nahi duzuen tokira heltzea.
Datorren urtean egingo duzue Eskozian erreferenduma, autodeterminazio aldarrikapena gertu sumatuko duzue...
XXI. mendean Europar Batasunean elkarrekin bizitzen jakin behar dugu, nahiz eta bertan nazio berriak sortzen ari diren. Eskoziaren kasuan, duela hamar urte parlamentu berria sortu genuen. Jendea urduri jarri bazen ere, aldaketak ez dira arazo handiak. Orain, gobernua normaltasunez lanean ari dela ikusten dugu. Jendeak beste sistema batekin bakean bizi nahi zuen, ez besterik. Bide politikotik, beraz, arazoa gainditzea lortu da.
Bide hori, ordea, ez da beti horren erraza izaten...
Ez, jendeak beldurra diolako aldaketari. Baina, hor dago arazoa eta arazoaz hitz egin beharra dago. Ezinbestekoa da gauden lekuan iraganean egindako akatsengatik gaudela jakitea. Afrikan, esaterako, maparen gainean egindako lerroekin bereiztu zituzten tribuak eta nazioak. Mapak, ordea, berriz marraztu daitezke. Gu, 27en Europar Batasuneko biztanleak gara guztiok. Jendeak batzuetan ez du aldaketarik nahi, baina, onartu behar da aldaketak gertatu egiten direla eta jendeak hala nahi duenean gertatu egin behar direla. Guk duela 10 urte egin genuen aldaketa, orain jendeak nahiko balu, berriro egin beharko genuke.
Highland Games txapelketari dagokionez, ba al dute Eskoziako jokoek Euskal Herrikoen antzik?
Jokoak oso antzekoak dira, hainbat kulturatan ikus ditzakegu antzeko adibideak. Lehen lanabesak hartzen zituzten egunaren amaieran jolasak egiteko. Telebista sortu baino lehenagoko garaietan, jendeak nolabaiteko denbora-pasak behar baitzituen. Euskal Herriko kirolak ere gureen oso antzekoak direla ikus ditzakegu. Oraingoan, Eskoziako jokoek mundu osoko eskoziarrak batuko ditu.
«Tartan» izeneko gona eskoziar familia bakoitzaren bereizgarri izaten da, aurten bada berri bat: zuri, gorri eta berdea.
Eskoziar klanen adierazgarria da tartana. Idiazabalgo ordezkariek beraien tartan bat egiteko interesa azaldu zuten. Gu, berriz, txapelketarako antzeko zerbait ari ginen bilatzen. Beraz, gure jokoen «tartan» ofizialentzat kolore zuri, gorri eta berdea hartzea erabaki genuen.
Euskaldunak eskoziar klan berri bat izango dira...
Loturak oso sakonak dira. Gure hizkuntza gaelikotik dator eta hura mantentzeko lan handia egiten ari gara. Euskararekin gertatzen den bezala, garrantzitsua da hizkuntza hauei eustea. Oso gertuko sentitzen dugu euskal kultura, beraz, ez izan zalantzarik.
GARA