GARA > Idatzia > > Kultura

XX. mendeko arte garaikidera hurbiltzeko aukera, Pompidou galeriaren erakusketan

Angeluko Pompidou galeriak hogei urte bete ditu aurten. Horren karietara, Angeluko Herriko Etxeak hogei urtez galeria horretan erakutsitako obren bilduma bat egitea erabaki du. Abuztuaren 29ra arte, Angeluko Udalak urtez urte eskuratutako bildumaren zati bat erakusgai jarri du. Eskulturaz, margolanez eta grabatuz osatua, erakusketan arte munduko izen esanguratsuak bilduak dira: Koenig, Valdes, Etxebarria eta Paul Chambas daude, besteak beste.
p041_f01_203x112.jpg

Ainize BUTRON | ANGELU

Hogei urte bete ditu aurten Angeluko Pompidou galeriak. Eta urteurrena handizki ospatzeko Angeluko Herriko Etxeak urteetan eskuraturiko artista esanguratsuen obra hautatuak erakusgai jarri ditu ondoko abuztua- ren 29a arte. Erakusketaren bidez, galeriak jasotako artisten uzta berezia agerian jarri nahi izan dute, hogei urteko ibilbidea nabarmentzeko.

«Guztiak dira Herriko Etxearen bildumaren barne diren obrak. Angeluk hogei urtez egindako kultur politikaren erakusgarri dira. Erakusketan bilduak direnak Udalak duen bildumaren zati bat baizik ez da», argitu zuten Angeluko kultur arduradunek.

Georges Pompidou frantses presidenteak bultzatu kultur politikari jarraituz, Angelun 1981ean hasi ziren artea «herrikoitzeko» helburuz erakusketak bultzatzen. «Kultur politika eraginkor» baten bidean eginak izan ziren lehen urrats horien arrakasta ikusirik, Angeluk 1989an arte erakusketen gune bat eraikitzea erabaki zuen. hartara, Beatrix Enea etxeari lotua, Georges Pompidou arte-garaikide galeria eraiki zen. Urtero nazioarteko zein lekuko artista baten erakusketa antolatzen aritu dira. Eta, hogei urtez, orotara, berrogeita hamar bat erakusketa eta berrehun bat artista bildu ditu galeriak. Horrenbestez, abuztuaren 29a arte irekia den erakusketak galerian ikusgai izan diren artisten aberastasuna agerian jarri du.

Jesus Etxebarria

Berrehun bat metro karratuko eremua biltzen duen erakusketa joan den urtarrilean zendutako Jesus Etxebarria eskultore kanboarraren «La Canción del Mío Cid» obrak zabaltzen du. Hamaika zurezko eskulturaz osaturiko Jesus Etxebarriaren obra nagusia da hori.

Horri jarraituz, tintaz eginiko Maria Beine-Hager artista austriarraren obrak daude erakusgai. Eskulturak, margolanak, oleoak, akuarelak, marrazkiak eta grabatuak, abstraktuak zein figuratiboak, XX.mendeko arte garaikidean barneratzeko aukera ematen du Angeluko erakusketak.

Horrela, Jesus Etxebarriarekin, Manuel Valdes artista valentziarraren «Retrato de una dama» grabatua, Jhon-Franklin Koenig Estatu-Batuarraren «Mars/Pan» margolana, Jean-Paul Chambas artista frantsesaren «Zingaro» margolana, Guanes Etxegaraien «Ura» izeneko zurezko eskultura, Manuel Salinas Sevillako artistaren oleoak, eta Vladimir Velickovic «Corps» deituriko paperezko tinduak preziatu ahalko dira galerian bi hilabetez. Izen ospetsu horiek lekuko artista zenbaiten obrekin elkartu dituzte XX.urteurrena ospatzeko.

«Angeluko kultur politika dinamikoaren lekukotasun bat eman nahi izan dugu erakusketa honen bidez. Obrak hautatzean, hogei urtez ikusgai izan diren artista eta estiloen anizta- suna agerian jarri nahi izan dugu. Galeriak, artista ospetsuak eta ezezagunak deskubritzeko aukera eman du», nabarmendu zuten Angeluko Udaleko ordezkariek.

Georges Pompidou galerian aurkeztutako obrak Angeluko herriko etxearen bildumaren zati bat baizik ez dira. Hogei urteotan antolatutako erakusketei esker, Angeluk berrehun bat artistaren bederatziehun bat obra biltzea lortu du. «Horietarik laurehun bat obra artistei erositakoak dira, gainerakoak bilduma pribatuek emandakoak dira», argitu zuten. Max Ernst, Christiane Giraud, Zigor eta Gonzalo Etxebarriaren obrak daude, besteak beste, herriko bilduma horretan.

LIBURUXKA ERE BAI

Erakusketa antolatzearekin batera, Angeluko Herriko Etxeak hogei urteok laburbiltzen dituen liburuxka kaleratu du. Bertan, erakusketa osatzen duten artisten aipamenarekin eta obrekin, hogei urteotako une bereziak iruditan azaltzen dira.

Berrehun bat metro karratuko galeria Angelu erdigunean

Pompidou galeria 1989ko otsailaren 11n eraiki zen Quintaoun. Arte garaikidea erakusteko irekitako Akitania eskualdeko lehenengo galeria izan zen. William Marcel arkitektoak eraikia, erakusketa gunea oktogono forman eraikia dago eta berrehun eta hamabost metro karratuko zabalera eta sei metroko altuera du. «Eraikuntza horrek eremu aske bat eskaintzen du, eta, aretoko zortzi hormei esker obren arteko independentzia lortzen da», argitu zuten Angeluko kultur arduradunek. Pompidou Galeriarekin batera, udalerrian sei erakusketa gune ere badira.

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo