GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

POESIA EGUNAK EAN

«Egin dezagun mundu bat marea igo baino lehen»

Poesiaz lagunartean, gozo, gozatzeko aukera ematen dute Eako Poesia Egunek. Aurten seigarren urtez, literaturari dioten maitasunak asteburua elkarrekin pasatzera bultzatu ditu berriz ere idazleak zein irakurleak.

p006_f01.jpg

Xole ARAMENDI | EA

Beñat Sarasolaren poesia batetik hartutako esaldiak eman zien ongietorria atzo Eako Beletxe eraikinera inguratu zirenei: «Eta egin dezagun mundu bat marea igo baino lehen». Honek laburbil dezake Herrijari Emon Arnasa kultur elkarteko kideak Poesia Egunak antolatzera bultzatzen dituena. Auzolanean, aurrez aurreko harremanean, irekitasunean... oinarritutako mundu berria eraikitzeko desioa. Eta poesia guztiz tresna baliagarria zaie hau lortzeko bidean.

Gabriel Arestiren espiritua beti gogoan, herritarrek, idazleek eta irakurleek asteburu-pasa ederraz gozatu dute. Bi egunez, poesia irakurketak, mahai-inguruak, kontzertuak, denetarik egin da. Eako Poesia Egunak hitzordu berezia dira poesiazaleentzat eta aurten ere ez dute hutsik egin. «Behin etortzen denak errepikatu egiten du», zioen atzo parte-hartzaileetako batek. Ez da seinale txarra.

Euskal Herrian ez dira asko literaturaren inguruan eginiko jardunaldiak. Are gutxiago poesia ardatz dutenak. Baina zerk egiten ditu berezi Eako topaketak? Bost pertsonako taldea aritzen da urte osoan -iazko irailean egin zuten lehen bilera- egitaraua osatzen. Horietariko bat da Miren Agur Meabe. Bere ustez, nabarmentzekoa da «herriko talde baten ekimena izatea, ofizialtasunetik aparte geratzen dena, antolakuntza baliabide txikiekin baina nahiko mamitsu gauzatzen dena».

Pixkanaka handituz eta zabalduz doazen Poesia Egunek bultzatzen duten adiskidetasun harremana ere aipagarria da bere ustez, parte-hartzaileen aniztasunarekin batera. «Ilusioa da motorra, ilusioa literaturarekiko eta lagunarte gozoan egoteko gogoa», argitu zuen.

Itxaro Borda hiru urtez izan da Ean. «Lehen urtean halako gozotasun bat sumatu nuen hemen. Gehien bat estimatzen dut urtean zehar ikusten ez ditudan idazleekin egotea eta hemengo jendearen bihotz zabaltasuna: zenbat gozatzen duten poesia entzuten, jardunaldiak antolatzen... gu hemen etxekotzeraino», kontatu zuen.

Bere ustez, egitasmoak erakusten du «leku hertsi honetan mundu bat sartzen ahal dela eta mundutar guztiak -bakoitza bere ideiekin- sartzen ahal direla».

Iratxe Retolazaren kasuan erabakiorra izan zen ekimena, ordura arte bizitako girotik atera eta ikuspegia aberasteko. «Bigarren edizioan hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduten. Etorri eta onerako harritu nintzen. Garai hartan unibertsitatean nenbilen. Instituzio batetik atera, eta herri dinamika ezagutzeko aukera eman zidan», gogoratu zuen goizeko hitzaldi nagusia eman baino lehen.

Haize freskoa izan zen Retolazarentzat, hainbat gauza auzitan jartzeraino. «Kultura parte hartzaileari begira sekulako ekarpena zela ikusi nuen. Hurbilekoa, ez hierarkikoa (edozeinek egin ditzake ekarpenak), eta poesia erabiltzen dute honen aldarria egiteko... Arestik proposatzen zuen ereduari oso lotua dagoena. Asko harritu ninduen eta ordutik urte batean kale egin arren, beste guztietan etorri naiz», esan zuen.

«Antolatzaileek guretzat `gurea' den gunea sortu dute. Hain denbora gutxian hau lortzea sekulakoa da», adierazi zuen.

Rikardo Arregi hizlari izan zen larunbatean eta atzo, entzule. «Euskal Herrian oso literatura eta poesia jaialdi gutxi egiten dira. Hau oso ondo dago eta era honetako saioak egin behar dira. Nik Europan ezagutu ditut jaialdi batzuk eta antzeko formatua da hau: jende guztia elkarrekin bizpahiru egunez, hainbat espaziotara zabaltzen diren irakurketak... Euskal Herritik kanpo ezagutu dudan giroa aurkitu dut Ean», zioen.

Asun Landa da, Karmelo anaiarekin eta beste herrikideekin batera, Poesia Egunen bultzatzailea. «Orain dela sei urte hasi zen. Guk Gabriel Aresti ezagutzeko zortea izan genuen. Hainbat herritarrok beti izan diogu mirespena. Nerabeak ginen, baina konturatzen ginen modernotasuna zekarrela. Karmelok pentsatu zuen Eak herri moduan zerbait zor ziola idazleari eta honela sortu ziren Poesia Egunak: Ea, poesia, uda, Arestiren etxea...», gogoratu zuen.

Eako jardunaldiek ateak zabalik dituzte: «Kultura irekia, ez dugu beste era batera ulertzen. Nork bere ideologia dauka, baina elkarrekin aritu nahi dugu. Poesia dakarren edonori ematen diogu ahotsa eta aterpea», gaineratu zuen.

Poesiazaleak urtez urte etortzeak asko pozten du: «Hori da gure saria. Asko eskatzen diegu eta gutxi eman, baina izugarri pozten gaitu etortzen direla ikusteak», zioen, batetik bestera, prestaketa lanetan ari zen bitartean.

Erotismoak eta intimismoak euskal poesian duen tokiaz

“Salomon eta Penelopeak” izeneko hitzaldia eskaini zuen Igor Estankonak atzo. «Erotismoa lerro artean irakurtzen da literaturan. Paul Valerik esan zuen sakonena azala dela. Guk badakigu ez dela horrela, baina sorbalda baten atzeko parteak, hanka luze bik edo bular oparo batzuek gure izatearen ondora eramaten gaituzte sarri. Indar hori dauka erotismoak Salomonek hasitako bidetik», esanez hasi zuen saioa.

«Euskal literaturan, iparraldeko herri katoliko atzeratu guztietan gertatu den bezala, zila eta bularrak ez dira berandura arte berragertu. Eta beharbada horrexegatik erotismo gogorra da gurea, autoerrepresiotik bat-batean askatua edo, nerabea eta intsinuazio gutxikoa.

Estankonaren ustez, «gure poesia erotikoa sano zerebrala da, sano katolikoa, sentsualitate espiritual batekoa. Edo osterantzean, gozo bakoa», gaineratu zuen.

Bere esanetan, «maitasun poema asko daude ez direnak erotikoak, biluzak eta sentsualak izan arren. Emakumeen kasuan, gainera, gaitzagoa da bereiztea gorputza eta burua. Eta biak batzen diren tokia, bat egiten duten puntua da emozioa. Eta askotan nahasten da erotismoarekin, edo poesia erotikoarekin.

Emakumeek modu berezian tratatzen duten emozioen poesia da, ez besterik, hori. Emakumezkoen poesia, kritika maskulinoak sortu duen falazia hori, poesia erotiko moduan saldu da, baina ez da. Korporala, inkontzientea edo femeninoa izateak ez du erotiko bihurtzen berez».

Isiltasunetik hitz jariora pasa gara, Estankonaren ustez. «Nire esperantza da poesiak erdibidea aurkituko duela», amaitu zuen.

Iratxe Retolazak hartu zion lekukoa. Gorputza nola irudikatu den aztertu zuen “Larruaren geografiak euskal poesian” hitzaldian.

Erotikoa zein sexuala, erotikoa zein erotismoa desberdinduz ekin zion bideari.

Ondoren, euskal poesian «erotikotasuna bularretik belaunera bakarrik irudikatu dela nabarmendu zuen. «Ez dira beste larru geografikoetan sartzen jasotako heziketaren eta iruditeriaren eraginez».

«Guk kode bat jasotzen dugu, gizarteak markatua. Horrekin eroso dagoen pertsona besteari begira jartzen da. Nirea eraikia dago eta aurrean daukadan pertsonatik abiatzen naiz erotismorako. Gehienetan “zu’’ poetikoa emakumea da –azaldu zuen–. Aldiz, kode kanonikoarekin eroso ez dagoenak berregituraketa egiteko beharra sentitzen du eta abstrakziotik konkretura jotzen du. Kontua da nola garatu nire erotismoa, jasotako kodea ez zaidalako baliagarria. Hau emakumetasunaren erotismoan edo homo-erotismoan ikusten da», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo