GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

KAE-2

Getxo, irabazten ikasi duenaren erakustaldia

GARA | ASTILLERO

Astillerok KAE-1 Ligako emozio guztia zapuzteko asmoari eusten diola erakutsi zuen atzo ere, eta ondoz ondoko bosgarren garaipena lortu zuen etxean; Astilleron jokatu baitzen atzoko estropada. Bere nagusitasuna handitzea nahikoa erabakigarri ez bazen, atzora arte arerio garrantzitsuena zuen Pasai Donibanek ere pauso bat eman zuen atzera, eta estropadan hirugarren postuan amaituta, bi puntu galdu zituen Kantabriako ontziarekiko. Bien artean 12 segundo baino ez ziren izan, baina orain hiru puntuko aldea dauka «San Jose XIV.a» ontziak.

Eguneko berririk onena Santurtzik eman zuen. Traineru bizkaitarrak maila bikaina eman zuen Astilleroko uretan, eta estropada bigarren postuan amaitu ondoren, jauzi polita eman du sailkapen nagusian; bosgarrenetik hirugarrenera. Bien atzetik sailkatu zen Pasai Donibane, eta haien atzetik heldu zen Isuntza. Guztietan eskasen Portugaleteko ontzia aritu zen; estropadan azkenengo bukatu zuten. Hamargarren jarraitzen dute, baina tarte handia ireki da aurreko traineruekiko.

GARA | AVILES

Kostatu zitzaion, bai, Getxo Arraun taldeari lehen garaipen lortzea KAE-2 Ligan, baina aurreko astean Trintxerpeko ikurrina erdietsi ostean, atzo ere jaun eta jabe izan ziren Avilesen jokaturiko estropadan.

Bizkaitarrek sasoi bikaina hartu dute denbora gutxian, eta bat-batean jauzi potoloa eman dute sailkapen nagusian. Duela bi aste seigarren postuan baziren, atzokoaren ostean hirugarren posturaino igo dira. Deustu eta Trintxerpe urruti samar ditu oraindik traineru bizkaitarrak, baina halako mailan jarraituz gero, zeresana ematen jarraituko dute.

Ciudad de Santanderrek ere ez dio aurrekoen trenari ihes egiten nahi utzi, eta atzokoa hirugarren postuan amaituta, sailkapenean postu bat egin dute gora: seigarrenetik bosgarrenera.

Trintxerpe da txanponaren ifrentzuan dagoena kasu honetan. Duela gutxira arte aginte makila modu eraginkorrean erabili dute eta aise izan dira sailkapeneko lehen postuan, baina atzo bosgarren bukatu zuten, estropada eskasa eginda, eta Deusto lau puntura jarri da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo