GARA > Idatzia > > Kultura

Periscopio urrian itzuliko da, «Marak» erakusketa nagusiarekin

Gasteizek udazkenero egiten dio tartea prentsa-argazkilaritzari Periscopioren bitartez. Urriaren 22tik abenduaren 9ra arte iraungo du eta bilduma nagusia Isabel Muñozen «Marak» taldeei buruzko lana izango da. Argazkilari amateurren lehiaketa ere egingo dute berriz ere.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Prentsa-argazkilaritza du ardatz urtero Gasteizen urria aldean irekitzen den erakusketa multzoak, hots, Periscopiok. Aurtengo kartelak, gainera, erreportari grafikoak ditu protagonista. 1930eko hamarkadan Madrilen ministro-kontseiluaren bilera bat noiz amaituko zain dauden langile multzo bat ikus daiteke irudian. Bizi ohi dituzten itxaronaldiekiko elkartasuna erakusten du eta, nolabait, haienganako «begi-keinu» gisa har daite- keela esan zuen atzoko aurkezpenean Periscopioren koordinatzaile Paco Valderramak.

Bestalde, aurtengo edizioari buruzko ezaugarriez hitz egitean, iaz izan ziren istiluek ez dutela eraginik izango esan du Valderramak. Aurreko edizioan, Andre Maria Zuriaren plazan ikusgai zegoen erakusketa suntsitu zuten hainbat pertsonak. Hala ere, aurten bilduma gehiago erakutsiko direla iragarri zuen eta, gainera, horietako asko kalean izango direla, Alde Zaharrean gehienbat.

Erakusketa nagusia

«Marak», Isabel Muñozek bortizkeriarekin kulturari buruz egindako lana Vital Kutxa Fundazioaren aretoan ikusi ahal izango da. Erdialdeko Amerikan dauden talde hauei buruzko lan handia da, eta guztira koloretako eta zuri-beltzeko 107 argazkik eta bi dokumentalek osatzen dute. Gainera, irudi horietako 50 tamaina handikoak dira. Bartzelonako argazkilari honen berezitasuna platinotipia teknika da, «akuarela papera eta zilar-gatzak baliatzen dituen teknika konplexu eta zaharra».

Azkenik, argazkilari amateurren lehiaketa ere aurkeztu zuten atzo. Edozeinek parte har dezake, beti ere leku publikoetan, esaterako, denda edo tabernatan erakusketa jarriz. Izena emateko epea irailaren 7tik urriaren 15era arte egongo da zabalik. Sarien diru kopurua, gainera, 7.300 eurora igo dute.

KARTELA

Erreportari grafikoak dira aurtengo karteleko protagonistak. 1930eko hamarkadan Diaz Casariegok egindako argazki bat da, hainbat langile bilera bat noiz amaituko zain agertzen dira, itxaronaldiei omenaldi txikia eginez.

JOERA BERRIA

Aurreko urteetan, argazkilari historikoenak izan ohi ziren erakusketa nagusiak. Aurten, Muñozen lan honen kalitatea nabarmenduz, Madrilen izango dela baliatuta, Gasteizera ekarriko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo