Mikel Aramendi Kazetaria
Perla korda gatazkaren ozeanoan
Indiako Ozeanoaren bazterretan kokaturiko lau zintzurretatik igarotzen da gaur egun txinatar ekonomiaren «odola»: Malaka, Lombok, Bab-al-Mandeb eta Ormuzeko itsasarteetatik. Hil edo biziko igarobide horiek segurtatu nahi izatea ez da inondik ere harrigarria
Mende heren bat geroago Yves Lacoste zaharraren esapide erregarria -«La Géographie, ça sert, d'abord, à faire la guerre»- gogoraraztea gordinegia (edo, behintzat, goiztiarregia) gerta daiteke. Baina poesia edo eleberri erromantikoetatik hartua dirudien deitura hori baino egokiagoa litzateke beste edozein, alafede. Endredoa da «korda» egiten ari direnek ez diotela izenik ematen, eta horrek berak ere zerbait adierazten duela, ziurrenik.
Estatu Batuetan, geostrategia eta antzeko kalamatrikak lantzen dituztenek «String of Pearls» deitu baitiote txinatarrak azken hamarkadan Indiako Ozeanoaren ipar kostaldean eraikitzen joan diren portutzar ilara ezin estrategikoagoari: Chittagong, Bangladeshen, eta Sittwe, Myanmarren, Bengalako Golkoan biak; Gwadar, Pakistan hego-mendebaldean, Iranekiko muga ondoan, Arabiako Itsasoan; laster, Hambantota, Sri Lankako hegoaldean... Eta batek daki non ager daitezkeen hurrengoak.
Beti, eredu berberari jarraiki garatzen baita prozesua: kokapen eta baldintza natural (babesa, sakonera, e.a.) ezin hobeak dituen itsasertz txiro batean portutzar ezin modernoagoa eraikitzeko proposamena egiten die Beijing-ek lekuan lekuko agintariei. Kostuak, Txinaren kontu, erabat; eraikuntza lan guztiak ere bai, noski. Trukean, etorkizunerako merkatal erosotasun osoak eskatzen dituzte itsasontzi txinatarrentzat, eta besterik ez (ofizialki behintzat). Eta adostasuna lortutakoan lanak zein azkar burutzen diren txundigarria dela esaten dute.
Hu Jintaoren hitzaldietan hain maiz agertzen diren «ozeano harmoniatsu» horien bilaketa filosofikoa izateko neke gehiegitxo dela jabetuta edo, Mendebaldeko estrategek erabaki dute Txinak bere energia eta lehengaien iturburuen ziurtasuna babesteko egin (behar) duen esfortzuaren aurrean gaudela. Historiaren aldi bakoitzeko potentzia komertzial nagusiek egin behar izan dutena, alegia. Eta halatsu da, seguruenera. Indiako ozeanoaren bazterretan kokaturiko lau zintzurretatik igarotzen da gaur egun txinatar ekonomiaren «odola»: Malaka, Lombok, Bab-al-Mandeb eta Ormuzeko itsasarteetatik. Hil edo biziko igarobide horiek segurtatu nahi izatea ez da inondik ere harrigarria. Kosta egiten da, ordea, hori indar militarren esku-hartzerik gabe egin daitekeela sinestea. Are gehiago, «Txinaren tradizio ez-interbentzionistari eutsiz» egin daitekeenik.
Lehen arazoa, haatik, aldez aurretikoa da, Sri Lankan ikusi denez. Tamil Tigreen suntsimendu azkarraren zergatiak kausitzerakoan, erantzun gehienak norabide bertsua hartu dute: Rajpaksa lehendakariaren Gobernuari Txinak eman dion laguntza militar mugagabea erabakigarria izan da indarrezko «konponbidea» amen batean gauza zedin. Txinatarren ordaina zein izango den inork ez du zalantzarik, bestalde: Hambantotako portu berria eraikitzeko eskubidea. Rajapaksaren hautes-barrutian, preseski. Pakistanen Ipar-mendebaldeko Tribuen Lurraldeetako eta Balutxistango matxinatuen aurka armadak arestian lortu dituen garaipenekin antzeko zerbait ez ote den gertatzen ari galdezka hasi dira batzuk. Perlak badira ere, altzairuzko katez lotuta daude ditxosozko portuak.