GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Gerardo Luzuriaga Joana Albreteko kidea

Irakurgailu elektronikoak

Liburuen eremuan ibiltzen garenoi teknologia eta liburu elektronikoen onurei erreparatzen hastea komeni zaigu, belaunaldi berriei bideak errazteko

Garai aldakorrean bizi gara, aurkikuntza iraultzaileak bata bestearen atzetik datoz. Orain txanda liburu elektronikoei etorri zaie. Lehenik eta behin aurkikuntza guztiak garrantzitsuak izan arren; denak ez direla berdinak azpimarratu nahi dut; izan ere, irakurgailu digitala beste asmakari batzuekin alderatuz puntako asmakizunik ez dela izango onartu behar dut; behintzat, nekazaritza eremuan traktorea edo uzta biltzeko modukoak ez direla izango agerian dago.

Egia da liburua sortu zenez geroztik, irakurketa ohiturek ez dutela funtsean aldaketa handirik izan, euskarria harria, buztina, egurra, papiroa, pergaminoa edo papera izan, irakurtzeko erak berdinak izan direla aurreko mende askotan zehar, eta horrek irakurzaleengan eragin handia izan du. Paperaren erabilera hedatu zenetik, batez ere Guttenbergek XV. mendean inprenta asmatu zuenetik, paperaren ukitze fisikoa, orriak banan-banan behatzez pasatzea, kapituluak bukatzea, orrietan atzera egitea, paper berriaren usain gozoa hautematea, azalen koloreak bereiztea, azal berak ikutzea... irakurketaren balio erantsitzat hartu dugu, eskuan liburua edukitzea, orrikatzea, irudiak mirestea... jakin-mina eta plazer bihurtu da, harik eta irakurleek balio horiek bereganatu arte.

Liburu elektronikoak eta irakurgailu elektronikoak ailegatu zaizkigunetik, liburu tamainako gailu batean liburu digital asko eta bestelako informazio osagarria gorde daitekeen aparailua merkatura heldu zenetik, abantaila ugari ekarri ditu: irakurtzeko erraztasunak, liburuak edonon eskura uztea, prezioa... harik eta liburu tradizionalen etorkizuna kolokan jarri arte.

Liburuaren egoerari helduz, literaturari buruzko paperezko liburuek sasoi luze batean liburu elektronikoekin batera merkatua partekatuko omen dute. Baina ziur nago urteak aurrera joan ahala, egun idiak soroetan salbuespen bihurtu diren moduan, paperezko liburuen presentzia ere denbora kontua dela, eta etorkizunean desagertu egingo dela.

Egun irakurketak sorrarazten dituen sentsazio gozoak usadio kontua baino ez dira, eta ezbairik gabe, ziur nago irakurketa elektronikoak orain ezagutzen ez ditugun plazerrak irakurri ahala sorraraziko dituela. Gakoa edukian baitago, liburuen edukian, hizkietan eta esaldietan hain zuzen ere, eta ez euskarrian; euskarriak sortutako gustuak, azken finean, ohiturarekin sortzen diren ezaugarri berezia direnez; belaunaldi berriek liburu tradizionalen irakurtzean nabarituko ez dituzten sentsazioak baino ez dira izango, eta, berriz, liburu elektronikoak eta irakurgailu elektronikoak bere bide naturala eginez gero, irakurzaleengan zirrara berriak eta ikaragarriak ekarriko ditu. Areago ziur naiz laster liburu elektronikoen xarmei buruz arituko garela.

Aurrekoak ez du esan nahi gustuko ditudanik liburu elektronikoak, edo paperezko liburuen desagertzearen alde nagoela, nigatik izango balitz, aizkora motozerra edo aitzurra kultibadorea baino nahiago dudan bezala, nahiago ditut liburu tradizionalak liburu elektronikoak baino. Baina idealismoa amets politak izateko oso ondo dago, baina errealitatea gordina da, motozerraren zarata jasanezina izan arren, beharrezkoa bezain lagungarria da basoak garbitzeko eta zuhaitz batzuk botatzeko, eta egun inori ez zaio bururatzen soroetako lanak aitzurraz egitea.

Dena den, paperezko liburuak desagertuko ote direneko eztabaida hau ere antzua da; borroka honetan, beste arlo batzuetan bezala merkatuak markatuko du bidea, merkatuak alde batera joz gero, jai baitaukagu irakurzale tradizionalen baloreak defenditzen, binilozko diskoen entzule amorratuei duela urte gutxi gertatu zitzaien bezala. Oker izan naiteke (oker banintz poz handia hartuko nuke) baina susmoa dut jarrera nabaria dela liburu elektronikoen alde, hasierako bidean izan bagara ere.

Beraz, liburuen eremuan ibiltzen garenoi teknologia eta liburu elektronikoen onurei erreparatzen hastea komeni zaigu, belaunaldi berriei bideak errazteko. Egun, belaunaldi berriak prestatuta daude digitalizazioari dagozkion aldaketetan murgiltzeko, eta zer esanik ez etorkizunean jaioko diren gizaldiak. Ikus ditzagun liburu digitalen eta irakurgailu elektronikoen aldeko abantailaren batzuk: paperezko argitalpenekin alderatuz, prezioa izugarri jaits daiteke, printzipioz papera askoz gutxiago kontsumituz gero, basoak hobeto zaindu daitezke, ez dugu izango ekoizpen bibliografikoa gordetzeko orain ditugun espazio arazoak, paperezko liburuak gordetzeko sekulako lekua behar dugulako...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo