GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Denetarik eta denentzat, zer erosi nahi den aukeratu behar

Baionako karrikak, urtero legez, jendez beteta zeuden atzo, bestak hasi aurreko egunean egiten den beherapenen merkatuaren karietara. Urteen poderioz arrakasta handia bildu duen hitzordu honek bertako dendariez gain, inguruko merkatariak ere erakartzen ditu. Mota guztietako produktuak eros zitezkeen karrika txikienetan ere, denetarik denentzat.

p016_f01_200x109.jpg

Idoia ERASO

Baionako xingar xerrez beteriko kukurutxoen ondoan, bost zein berrogeita hamar euroko kamisetak saltzen zituzten denda eta postuak denei irekiak agertzen ziren. Egun horretarako, dendari guztiek kalera ateratzen dituzte beren produktuak, eta dendarik ez duten karrikak eta txokoak kanpotik ekarritako postuekin betetzen dira. Jaiak bihar hasiko direnez, gorri eta zuriz janzteko arropak katedralaren ondoan zein denda aberatsetan atzeman zitzakeen festazaleak. Atzokoak kontsumismoaren ateak parez pare ireki zituen, non geratu da krisia?

Erosleen hitzordua

«Ni urtero etortzen naiz, orain daramadan kamiseta iazko `braderian' erosi nuen» esan zuen irribarretsu Mugerreko Mariek. Erosleak hitzorduari fidelak dira eta kaleetan bueltaka ibiltzeaz gain, askok gustuko denda eta salmenta-postuekin hitzordua ere badute. Horrela dela baieztatzen zuten dendariek eurek.

David Visek duela hamar urtetik ez du hitzordura huts egiten. Tarbe inguruko herrixka batetik heldu da bere betiko tokira. «Gure erosleek urtero toki berean atzematen gaituzte» adierazi zuen. Duela bi hilabete Baionako Herriko Etxeak tokia atxiki nahi ote zuen galdetuz gutuna igorri zionean, Visek ez zuen inolako zalantzarik izan, dirua ordaindu eta bere txokoa erreserbatu zuen. Dekorazioko produktuak saltzen dituen merkatari ibiltari honek argiki erran zuen: «Guretzat Baionakoa da inguruko merkaturik hoberenetakoa».

Bertan denda daukatenen artean ere erosleen fideltasuna nabarmena zen. Jatorri euskal-txiletarra daukan Jose Choribitek bi saltoki ditu hirigunean eta argiki aipatu zuen: «Bi saltegi ditut, batak hamar urte ditu eta besteak sei, eta bezeroek ezagutzen gaituzte, gu bisitatzera etortzen dira egun honetan». Aldageletan sartzeko zeuden ilarek hitzok baieztatzen zituzten. Denda ere horretarako prest zegoen, bertan lan egiten duten saltzaile guztiak bertan zeuden merkatuaren egunean. «Horrela egin behar da, hainbeste jende etortzen denez, beharrezkoa da» gehitu zuen jabeak.

Behar horiei erantzun ahal izateko familia guztiak parte hartzen du beherapen merkatuen egunean. Familia osoak ikusten ziren erosketak egiten, baita salmahaien bestaldean ere. Familiaren okindegian pastelak eta ogitartekoak saltzen ari zen hamabi urteko Christophe: «Amak laguntzeko eskatu dit, jende asko etortzen delako».

Erosleei plazer egiteko, gozoak saltzeaz gain, oparitu ere egiten zituzten Pilori karrikako saltegiek. Han zeuden, mahaitxo baten gainean, nahi zuen orori krepe egin berriak eskaintzen. Krepeak soilik ematen zirela ez zuten hala ere haur guztiek ulertzen. Oparia hartu zuen haur batek krepea txokolatearekin nahi zuela esan zion dendariari eta honek erantzun: «Txokolatea edo erreximenta nahi baldin baduzu, hor ondoan dagoen supermerkatura joan, han ere dohainik da-eta, potea hartu eta nahi duzun guztia jar ezazu», esan zion txantxetan krepe egileak.

Supermerkatuek erreximenta doan ez zuten eskaintzen, baina beraiek ere kanpora atera zituzten beren produktuetako batzuk, horrela Portu Berriko karrikan dagoen supermerkatu txiki batek melokotoi kaxak saltzen zituen hiru euro eta erditan. Dena ikusi genuelakoan izanik ere merkatuak beti ezustekoak eskaintzen ditu, horrela, esaterako, nahi gabe askatzen ez diren oinetakoentzako sokak saltzen zituen mahai txiki batean gazte batek.

Tele-dendako produktu miragarriak bozgorailu bidez aurkezten zituen saltzailea inguruko erosleak erakartzen ibili zen. «Etorri, honekin kozinatzea plazera bilakatuko da», esaten zuen merkatariak. Dozenaka pertsona inguratzen zitzaizkion aldi oro bere deiadarrak zirela-eta. «Horrelakoak behin erabili eta gero armairuan gelditzen dira hautsa biltzen», erran zuen emakume batek aparailu miragarriei begira, beharbada aurrekontu murritzean pentsatuz. Ez zen denen egoera aldiz, ondoko andreak diru-zorrotik hogei euro atera eta saltzaileari luzatu baitzizkion.

Salgaiak ez bezala aparkalekuak eskas ziren atzo hirigunean, trafikoaren arintasunarekin batera. Autobusentzako erraila egin dutenetik auto-ilarak handiagoak dira eta saltegiak kexu dira, beldurragatik erosleak ez direla bertaratzera ausartzen. Atzokoa, salbuespen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo