Ehunka arrain zerk hil dituen ikertzen dabil Donostiako Udala
GARA |
Donostian Urumea ibaian ehunka arrain hilik agertu dira, eta Udalak azaldu duenez, jada abiatu dute arrazoiak argitzeko ikerketa. Duñike Agirrezabalaga, Proiektu eta Obretako zinegotziak atzo adierazi zuenez, larunbatean Udaltzaingoak abisu bat jaso zuen hildako arrainen berri emanez. Hasieran hilik zeudenak bakan batzuk zirela uste izan arren, astelehenean ikusi zuten ehunka zirela ur bazterrean aurkitzen ziren arrainak. Agirrezabalak aipatu zuenez, baliteke isuri toxiko baten eraginez gertatu izana, nahiz eta horren jatorria Donostia bera, edo inguruko herriren bat izan den argitzeko egon. Ibaitik ur laginak hartu dituzte aztertzeko, eta Udalaren arabera, osagai kimikoen kantitatearen arabera jakin daiteke isuria istripuz egin den edo ez.