Gipuzkoa 2.0 egitasmoak euskal kultura digitalizatua zabalduko du
GARA | DONOSTIA
2007-2011ko Kudeaketa Planaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa 2.0 egitasmo berria abiarazi du. Erronka horrek, hiru helburu izango ditu bere oinarrian: Informazio eta Komunikazio Teknologia Berrien (IKTB) bidezko edukien sozializazio sistematikoa, hau da, digitalizatzea sustatzea eta hedatzea; Gipuzkoaren kultur ondarea mantentzea eta zabaltzea; eta kultura industria sustatzea. Halaber, euskararen presentzia eta erabilera arlo guztietan bizkortzea izango da beste helburuetako bat.
Horrela, lan ildo zehatzak ezarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Esaterako, erabiltzaileak edukiekiko izango duen eskuragarritasuna erosoa izatea, bai teknikoki eta baita ere legalki. Zentzu horretan, edukiek atzigarri izateko prestaketak, beraiei buruzko informazio estandarizatua, hiperlokalitatea, lizentziak eta hainbat datu izango dituzte. Horrez gain, «talde, erakunde edo administrazioek kudeatzen dituzten edukiekiko atzigarritasuna bermatzeko, web edizioen sorkuntza erraztuko duten baliabideen garapen teknologikoak buruko dira».
Lau ardatz
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Tabakaleran burutu aurkezpenean, lau ardatzetan banatu zuen egitasmo hori; edukietara iristeko erraztasunak izatea, zerbitzu digitalen plataforma guztiz irekia eta doakoa eskaintzea, proiektuak gauzatzeko baliabide ekonomikoak erraztea eta elkarlanerako dinamikak bultzatzea.
Haren iritziz, «Gipuzkoa 2.0, sorkuntza eta erabiltzailearen arteko kultur kontsumo zikloa indartzeko asmoa duen programa estrategikoa da». Hala, kultura «erabili beharreko trensa» dela iritzi zion, beraz, «kultura digitala eta sarea egoki erabilita, baliabide eta aukerak globalak geure neurrira egokituta, handiagoa izango da geure munduaren lekua».