«Isiltzen ez den isiltasuna», 36ko Gerra, oiartzuarren begietatik
GARA | DONOSTIA
Oiartzungo Udalak eta Kattin Txiki taldeak bultzatuta, «Isiltzen ez den isiltasuna», 36ko Gerrari buruzko liburua eta bideoa aurkeztu zituzten bart Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Plazaratu berri den lan hori, 36ko Gerrari buruzkoa da, baita Oiartzuni buruzkoa ere, egileen arabera. Izan ere, «liburuaren helburu nagusia gerra hura, gure herrian nolakoa izan zen eta zer-nolako ondorioak utzi zituen argitzea da».
Gudaren eraginak zabaltzeko gogoak garrantzi berezia hartu du: urtetan isilpean egon diren oiartzuar zigortuen, fusilatuen, espetxeratuen eta kontzentrazio esparruetara eramandakoen izen-abizenak kaleratu dira, «urtetan egon diren ahanzturatik eta linbotik behin betiko ateratzeko».
Baina, 1930eko hamarkada hartako eta ondorengo urteetako historiari heldu eta ezagutarazteaz gain, bestelako helburu bat ere baduela argitu zuten Oiartzungo Udaleko eta Kattin Txikiko ordezkariek (Koldo Mitxelenan izan ziren Aitor Etxeberria alkatea eta Jon eta Ramon Gaztelumendi liburuaren eta bideoaren egileak, hurrenez hurren): «Gaur egun, memoria historikoa berreskuratzeko herrian egin den ahalegina islatzea eta Iragorriko kanposantuko hobi komunetako gorpuzkinen deshobiratzea azaltzea».
Kaltetu guztiak
Frankistek bai gerra garaian, bai handik aurrera ezarritako diktaduran erabili errepresioak eta errepresaliatuek garrantzi berezia dute liburuan. Lehenbiziko aldiz, fusilatutako herritarrez gain, bestelako zigorrak pairatu zituztenen zerrenda guztia bildu eta argitaratu da; hau da, zigor ekonomiko edo laboralak jasan zituztenak, frontean hil ziren errepublikazaleak, kartzelatuak, behartutako lanak egin behar izan zituztenak, kontzentrazio esparruetan sartu zituztenak.... Halaber, Kattin Txikik azken urteetan memoria historikoa berreskuratzeko egindako lana ere azaltzen da.