GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

Euskadiko Txapelketa Hondarribian

Pasai Donibane eta Kaiarriba, hutsuneen txapelketan

San Pedro, Zarautz eta Zumaiak uko egin diote lehiaketan parte hartzeari. Emakumezkoen estropada, hiru itsas-miliatara lehen aldiz, 11.30ean hasiko da.

p038_f01_56823.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

San Pedro, Zarautz eta Zumaiaren hutsuneak bilakatu dira, zoritxarrez, ostiral honetan Hondarribiko uretan jokatuko den Euskadiko Traineru Txapelketako albiste nagusi. Atzo egindako aurkezpenean argi gelditu zenez, hiru ontzi horiek uko egin diote lehiaketan parte hartzeari, eta azkenean, Pasai Donibane eta Donostiako Kaiarriba izango dira ohiko zortzikotea osatuko duten bi traineruak.

Euskadiko Txapelketaren 24. ekitaldia goizeko 11.30ean hasiko da emakumezkoen estropadarekin. Getaria-Tolosa, Hondarribia, Zumaia eta Arkote izango dira uretan eta berrikuntza nabarmen bat izango dute: neskek ere hiru itsas-miliako ibilbidea bete beharko dute, gizonezkoek bezalaxe, eta ez milia eta erdikoa, orain arte emakumezkoen traineru estropada guztietan egin izan den bezala.

Euskadiko Arraun Federaziotik diotenez, araudiak argi eta garbi esaten du traineru lehiaketa guztiak hiru itsas-miliako ibilbidean jokatu behar direla, eta beraz ez dagoela kexatzeko arrazoirik. Batel eta trainerilletan, esaterako, gizonezkoek eta emakumezkoek luzera berdineko lanak egiten dituzte. Iaz, Hondarribiak bi segundoko aldearekin irabazi zuen txapelketa Zumaia-Getariaren aurretik.

Ondoren, 12.00etan, gizonezkoek egingo dute arraun. Lehen txandan Kaiarriba, Pasai Donibane, Santurtzi eta Arkote neurtuko dira; bigarrenean Orio, Hondarribia, Urdaibai eta Kaiku. Azken bi urteetan Euskadiko Txapelketa bermeotarrek irabazi dute, baina aurten Bizkaiko Txapelduna Kaiku da.

Josetxo Fernandez Vaquerizak, Euskadiko Federazioko presidenteak, San Pedro eta Zarautzen ezezkoak jasotakoan, Pasai Donibane eta Zumaiari deitu zietela jakinarazi zuen, baina Zumaiak ere uko egin zuela. Hutsune horiengatik «triste» azaldu zen Vaqueriza, batzarretan hartzen dituzten erabakiak «betetzeko» izaten direlako. Gaineratu zuenez, Federazioak neurriak hartuko ditu aurrerantzean halakorik berriz ez gertatzeko, «txapelketari oso mesede gutxi» egiten dietelako. Dena prest, beraz, ostiralerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo