GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Mugak gaindituz

Avirongo jokalariak pozik eta gogotsu azaldu dira abuztuan Anoetan jokatzeko

GARA | DONOSTIA

Baionako Aviron errugbi taldeko ordezkaritza zabala gerturatu zen atzo Donostiako Anoeta estadiora, talde lapurtarrak bertan jokatuko dituen partiden berri ematera. Top 14 liga abuztuaren 14an hasiko da eta, denborarik galdu gabe, Avironek bigarren jardunaldiko bere partida, etxean jokatu behar duen aurrenekoa, Anoetan jokatuko du abuztuaren 21ean Parisko Stade talde indartsuaren kontra. Norgehiagoka hori 20.35ean hasiko da eta Frantziako Canal Plus telebista kateak zuzenean eskainiko du. Ez da, ordea, baionarrek Donostian jokatuko duten dema bakarra, irailaren 11n edo 12an iritsiko den Biarritzen aurkako derbia ere Anoetan bertan jokatuko baitute. Biarritzek ere, badu partida gehiago Donostian jokatzeko asmoa.

Egutegiaren zozketa

Ohorezko Ligaren egutegia erabakitzeko zozketa ere atzo egin zuten Madrilen. Denboraldia irailaren 13an hasiko da eta aurreneko jardunaldian Bera Bera izango da aurkari gogorrenari aurre egin beharko dion euskal taldea. Donostiarrek El Salvador jasoko dute miniestadioan, iazko txapeldunordea. Beste bi euskal taldeek, berriz, etxetik kanpo jokatuko dute lehen partida. Ordiziak Valladolid aldera bidaiatu beharko du Quesos Entrepinaresen aurka neurtzeko eta Gernika igo berriak La Vila apalari egingo dio bisita. Ligak ohiko atsedenaldiak ditu eta maiatzaren 2an amaituko da.

Azkenik, erabakita dago Munduko Txapelketa Ingalaterran jokatu dela 2015ean eta Japoniak antolatuko duela 2019an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo