Laura Mintegi idazlea
Presoekiko elkartasuna, delitu
Preso dauden euskaldunen argazkiak agerian jartzea delitu bihurtu denetik, denbora kontua izan liteke presoei bisitaldiak egitea delitu bihurtzea, edo preso baten neba-arreba, aita-ama, seme-alaba edo adiskidea izatea. Aitortu behar dut, igandean, kartzelatik atera nintzenean, albo batera eta bestera begiratu nuela inguruan poliziarik zain ote genuen ikusteko. Zaila izaten da batzuetan lokutorioetan sartzea (bularretakoak beti pizten du metal-detektagailua, eta kendu behar izaten dugu bisitaldietan), baina pentsatzen hasia naiz ez ote den zailagoa izango handik ateratzea; bertan gaudela aprobetxatuz, ez ote gaituzten atxilotuko elkartasun delitua egotzita.
Igandean irudikatu nuen (idazlearen imajinazioa soilik?) bisitari guztiak atxilotuko gintuztela, eta gure adiskideen artera eramango gintuztela gaizkile bihurturik, haiek bezala. Zeren, tamainari begiratuta, argazkia paparrean eramatea baino, ez al da delitu handiagoa ehunka kilometro egitea berrogei graduko bero-galdatan, gela lohi batean berrogei minutu eskaseko bisitaldia egiteko?
Presoekiko elkartasuna ezabatu nahi badute, zenbat denbora beharko dute euren jendearekin duten zilborrestea eteteko? Elkartasuna egiatan zapuztu nahi dute, edo dena kontu estetiko hutsa da?
Nire ustez, gehiago dago kontu estetikotik estrategia politikotik baino. Jakin badakitelako ezinezkoa dela presoekiko atxikimendua dekretuz ezabatzea. Baina ez dute fisikoki ikusi nahi. Ikusten ez dena, ez da. Argazkiek mina egiten dietela begi-bistakoa da.
Ez da harritzekoa; niri ere min egiten didate euren 700 aurpegiek goitik behera begiratzen didatenean, irribarretsu, manifestazioetan.