GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Pasai Donibanen Santioz hasitako festak San Inaziok agurtuko ditu

Festaz eta bizitasunez betetako astea izan dute Pasai Donibanen. Santio egunarekin hasi ziren jaiak, Santa Anarekin jarraitu, eta zazpi egunotan hamaika izan dira antolatutako ekitaldiak; jolasean edota dantzan, parte hartzeko aukera zabala eta aberatsa eskainiz. Gorputzari azken astinduak emateko azken parada izango da gaurkoa, San Inazio egunarekin hurrengo urtera arte agur esan beharko baitiote pasaiatarrek herriko festei.

Oihane LARRETXEA |

Santu egunak santu, Pasai Donibanek astebete darama festetan. Santio egunarekin hasi ziren ospakizunak gaurko San Inaziorekin amaituko dira.

Goizean goizetik hasiko da festa giroa, itsas dianarekin festara biltzeko deialdia eginez, jendea esnatuz, baita Pasaiako batelariak ere, goizaldeko hainbat ekitalditan protagonista izango baitira.

Tradizioak aspalditik agintzen duen moduan, neska bakoitzak eskuetan batela eusten duela, dantza egingo dute herritarren aurrean. Dantzak berebiziko garrantzia du, gainera, herrian bertan baitu jatorria. Alkandora zuria, eta arrantzale gona urdina soinean jantzita, bai sorbaldetan, bai buruan, kolore biziko zapiak daramatzate.

Uretara joango dira gero, estropada bat egitera, eta ondoren, zortziko bat dantzatu ostean, irabazleentzat, sari banaketa izango da.

Haurrek ere arreta berezia eskatzen dute festetan, eta horregatik eurentzat joko, ikuskizun eta merienda izango dira. Arratsaldean, esaterako, puzgarrietan salto eta salto ibiltzeko parada izango dute Santio plazan. Indarrak agortutakoan, sasoiberritzeko askaria, eta arratsaldea borobiltzeko azkenik, Txan Magoak magiaz betetako ikuskizuna eskainiko die.

Gaua iristearekin batera, gorputza dantzan astintzeko unea izango da, Orotz taldeak girotuta, eta horren atzetik musika kontu gehiago etorriko dira.

Gazte eta helduek badiatik paseotxoa emanez danborra joko dute gerturatu nahi duen ororentzat, eta honen ostean kolorez betetako suziri ikuskizuna emango da. Danborrek herriko kaleak zeharkatzen amaituko dute saioa, eta ondoren ikurrinaren jaitsiera egingo dute.

Festak ez dira horrekin amaituko, ordea; izan ere, gauerditik aurrera Galiziako ohiko queimada dastatzeko aukera izango da, eta lagungarri moduan, nola ez, musika. Batetik, Santio plazan izango den dantzaldiarekin, eta bestetik, txosnetan egingo diren zuzeneko kontzertuekin.

Gustu guztietarako ekitaldiak

Atzoko eguna ere festa betean eman zuten pasaiatarrek. Musikak goizetik hartu zuen lekua, trikitilariak eta buruhandiak herrian barrena ibili baitziren kaleak girotzen. Batzuk ihesi korrika, eta besteak ausardiaz aurrea eginez, lehen orduetatik zabaldu zen jai giroa herrian.

Goizaldean txikiek izan zuten gozatzeko parada ederra, globo gerra eta aparraren festarekin. Umeek ederki asko pasa zuten urez zipriztintzen eta albokoa bustitzen. Ondorenean, txotxongilo ikuskizuna izan zuten gainera. Goiz aparta, beraz, txikientzat.

Arratsaldeak ere hartu zuen trikitixaren usainik, txarangaz lagunduta, jendeak ederki astindu baitzuen gorputza soinu bizien erritmora.

Haurrentzat hain izugarria den zezensuzkoa kalearen jaun eta jabe egin zen gauerdi aldean. Bota zituen txinparta distiratsuen aurretik denak korrika, ez zen izan haren parean geldirik geratu nahi zuen bakar batik.

Atzokoa, gainera, preso eta errefuxiatuen eguna zen aldetik, horren harira antolatutako omenaldiaz gain, aurreskua ere dantzatu zieten herriko plazan, eta horrela iritsi zen gauerdia.

Hortik aurrera musika nagusitu zen Oihergik, Naizroxa eta Des-kontrol taldeek emandako rock kontzertuekin.

Festak ordu txikietan esan zion agur egunari, eta goizaldeko laurak arte indarrekin heltzeko moduan izan zenak jaso zuen sari gozoetan gozoena: txosnetan eskaini zuten txokolatada beroa. Ahoa gozotutakoan heldu zen etxeratzeko ordua.

queimada

Atzo goizeko ordu txikietan txokolate beroa eskaini zuten txosnetan, eta gaur, gauerditik aurrera, Galiziako queimada tradizionala dastatzeko aukera izango du nahi duenak.

batelariak

Pasaian jatorria duen dantza honek berebiziko garrantzia du herritarrentzat. Arrantzalez jantzita neskek egingo duten dantzaz gain, desfilea eta estropada bat ere izango dira gaurko festa egunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo