GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

«Iluntasuna argituz» lelopean, 25 urte beteko ditu Larrabetzuko Gazte Egunak

Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeko kideek lehen Gazte Eguna antolatu zutela badira 25 urte, eta gogotsu ospatzeko asmoarekin datoz aurtengoan ere. Udako jai esanguratsuenetako bat bilakatu den horrek urtero legez jende andana batuko du bihar Bizkaiko Txorierri eskualdeko herrian. «Iluntasuna argituz» izango da leloa, eta «bestelako jendarte eredu bat» irudikatzeko helburuarekin, hainbat ekimen izango dira egun osoan zehar.

p023_f03_97x132.jpg

GARA |

Bihar ospatuko dute Larrabetzun uda garaiko jai egunik ospetsuenetako bat bilakatuko dena. Izan ere, 25 urte beteko dira Hori Bai gaztetxeko kideek lehen Gazte Eguna antolatu zutenetik. Aurten ere hainbat ekimen antolatu dituzte egun osorako. Urtero legez, jende andana batuko da Bizkaiko Txorierriko eskualdeko herrian, eta horretarako egitarau oparoa prestatu dute. Ziurrenik gauerditik aurrera izango diren kontzertuek bilduko dute jenderik gehien, baina era batera edo bestera ondo pasatzeko aukera ugari izango da goizean goizetik.

Hasteko murala margotuko dute, eta jarraian triki-poteoa egingo dute. Eguerdirako, bazkaria izango dute itxaroten, eta 16.30etik aurrera musika emanaldiak izango dira kalean.

Gero, Bizkaiko gazte asanbladen arteko olinpiadak hasiko dira 19.00etan, eta 22.00etan manifestazioa eta ekitaldia egingo dituzte. Jaialdiari bukaera emateko, azkenaldian Euskal Herriko txoko gehienetan oso ezagunak egin diren Des-kontrol arrasatearrak arituko dira. Beraiekin batera, herrikide dituzten Ekon taldekoek joko dute, baita Maitips talde kataluniarrak ere.

San Inazio eguna dela-eta, gaurko ere ekimen ugari antolatu dituzte Hori Bai gaztetxeko kideek. Egunari hasiera emateko, txistulariak ibiliko dira kalean, eta eguerdiko triki-poteoari irekiko diote bidea. Herri bazkaria egingo dute ondoren eta Oihergi taldearen erromeriarekin bukatuko dute eguna.

44 urteko ibilbidea

«Iluntasuna argituz» da aurtengo ediziorako aukeratu duten leloa. Jaialdia aurkezteko asteazkenean egin zuten agerraldian gogoratu zutenez, 44 urte daramatza Hori Bai gaztetxeak Larrabetzuko herriari «bestelako jendarte eredu bat» irudikatzea posible dela erakutsiz.

Andra Mari kaleko 23an kokatuta dagoen eraikinaren ateak zabaldu zirenetik, milaka izan dira bizi izan dituen borroka eta istorioak. Hitzaldiak, tailerrak, zinema, kontzertuak, kafe tertuliak,... hainbat izan dira antolatutako kultur ekitaldiak eta goraipatu zutenez guztiak prestatu dituzte «herriarentzat eta herriarekin batera lanean».

«Bidea ibiliz egiten dela esaten dute eta Hori Bai gaztetxeak ondo erakutsi du urte guzti hauetan zer den: Larrabetzuko gaztetxea, gazte eta ez hain gazteei zabaldua, ikuspegi kritiko batekin inguratzen gaituen iluntasuna amaitzeko argia», azpimarratu zuten.

Aurrera begira, gaztetxean obra handi bat egiteko asmoa dutela aipatu zuten eta auzolanaren bitartez bigarren pisua, komunak eta beste hainbat konponketa egiteko helburua dutela agertu zuten.

EGITARAUA

Goizetik hasiko dira ekitaldiak, mural pintaketa eta triki-poteorekin. Bazkaria, kontzertuak kalean, gazte asanbladen arteko olinpiadak eta manifestazioa etorriko dira ondoren.

KONTZERTUAK

Ohikoa den bezala musika talde ezagunekin emango diote bukaera jaialdiari. Gauerditik aurrera Ekon eta Des-kontrol taldeak, eta Maitips kataluniarrak arituko dira taula gainean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo