GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Iñaki, zer urrun dagoen Kamerun...

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Pasa den astean marzianoak bezala ibili ginen kalean galdurik, hogeita hamalau gradu eta izerditan blai. Inork ez zekien nondik irten zen arrantzaz eta tabernaz taberna «vendo barato» aritu ginen goizez eta gauez «mucho barato» askotan baraurik «todo barato» esanez. Izan ere, atzerriko zein bertako jazz musikaz beterik izan ditugu Donostiako kale eta tabernak, eta musikarekin batera, kanpoko jendea. Milaka aurpegi, kolore, hizkuntza eta begi desberdin izan ditugu eta guztiak jazz musikaren lekuko baino ez. Guztiak Iñaki eta Kamerungoak denak. Eta urrunetik etorritako jazz doinuak euren lurraldeetara itzuli badira ere, bertako Iñaki, Inazio edota Eneko guztiek bertan diraute urteko egun guztiak musikaz betez.

Gaurko eguna San Inazio eguna izaki, Zarama taldearen kanta gogoan, ez dugu zertan Kameruneraino joan musika entzuten jarraitu ahal izateko, izan ere, abuztuaren 4an hasi eta irailaren 5a bitartean izango den Musika Hamabostaldia bertan baitugu. Hilabetez hiriko hainbat gunetan musika klasikoaz gozatzeko aukera izango dugu eta ez hori bakarrik, hilaren 8an Josetxo Silguerok zuzenduriko «Laboaren Mundua» lana ikustea izango dugu Victoria Eugenia antzokian. Ikuskizun honetan, Iñaki Salvador, Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika bezalako artista handiak beste artista handi baten inguruan elkarlanean ikusteko aukera izango dugu.

Eta musika hiriko protagonista nagusia den uda honetan, antzerkiak ere zorro-zorro, bere horretan dirau. Izan ere, kale antzerkia nagusitu egiten da udan, eguraldi onak aukera paregabea eskaintzen duelako kalera atera eta publikoari proposamenak luzatzeko. Areto barneko antzezlan gehienak berriz, egun epeletako lozorro ilunean murgildurik aurkitzen dira negua noiz iritsiko zain, eta beste lan mota batzuez betetzen zaizkigu antzokiak. Esate baterako uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean Antzoki Zaharrean izaten ari garen Reló taldearen «Mi primera vez» antzezlana. Baina lan hauekin batera, badira betiko gure taldeak ere, hala nola, gaur bertan, San Inazio egunean, 19.00etan Easo plazan ikustea izango dugun Trapu Zaharra taldearen «Vis a vis» antzezlana eta Titiriteros de Binéfarren lana, bihar Loiola enparantzan. Abuztuaren 5etik 9ra, berriz, «Calcetines opus 124» ikuskizuna ikusteko aukera izango dugu Antzoki Zaharrean, eta 10etik 16era, Vorágine Producciones taldearen «Los 39 escalones» ikuskizuna, besteak beste. Abuztuan beraz, izango dugu gure hiriko kale eta antzokietan uda esna ematen duten antzezlanik ikusteko aukera.

Eta izenik ez dutenei Iñaki deitu beharreko egun handi honetan, Jazzaldia amaitu egin da eta Merida eta Oliteko jaialdiak ere bai. Baina ez dugu horregatik Kameruneraino alde egin beharrik izango, ezen, esaera zaharrak dioen moduan, ate bat ixten denean leiho txiki bat irekitzen omen da eta ate guzti hauen ixteak, Gasteiz, Donostia eta Bilboko festei zabaltzen die leiho txikia. Eta orduan berriro esaterik izango diogu tabernan edota kalean batak besteari: Iñaki, zer urrun dagoen Kamerun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo