GARA > Idatzia > > Kultura

Aipagarriak

Praileaitzen berehalako neurriak hartzeko galdegin diote Lakuari

Blanca Urgell Lakuako Kultura Saileko burutzan jarri zenetik, Praileaitzen Lagunek Debako haitzuloaren defentsan neurriak hartzeko hamaika eskakizun egin dizkiote. Hilabeteen buruan ez dute inolako erantzunik jaso, ordea, eta egoerak bide horretatik jarraituz gero, neurri zorrotzagoak hartuko dituztela ohartarazi zuten atzo egindako agerraldian.

p057_f01_199x108.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Denbora aurrera doala ikusita, Praileaitzen Lagunek gogor salatu zuten Blanca Urgellek zuzentzen duen Kultura Sailaren jarrera. Izan ere, kabinete horretan lanean diharduten hainbat politikarik, aurreko agintaldian sutsuki defendatu zuten gaur egun elkarte honek babestu nahi duen Prailaitzeko mendi-mazela.

Saileko arduradunak aldatu bezain laster, Praileaitzen Lagunek Urgellengana jo zuten bilkura eske, haitzuloa kokatzen den magal osoa defendatze aldera, egun indarrean dagoen dekretua aldatzeko galdeginez. Denbora aurrera doa, ordea; eta hasiera batean, egoera berrira egokitzeko astia behar zuela adierazi zuen kontseilariak hedabideen aurrean, baina, hilabeteen buruan, isiltasuna nagusitu da gai honen inguruan.

Atzo Koldo Mitxelenan eskainitako agerraldian adierazi zutenez, «denbora galdu asko izaten ari da, aurreko Gobernuarekin gertatu bezala». «Ez da behar bezalako azkartasunarekin lan egiten -kasik hiru urte baitaramagu egoera berdinarekin bueltaka-, eta guztiok dakigu borondatea baldin badago, irtenbidea ere iritsiko dela», esan zuten Fernando Larruquertek, Xabi Oterok, Fito Rodriguezek, Nekane Oiarbidek, Koldobika Jauregik eta Iñaki Epeldek burutu agerraldian.

Beraien helburua «hondamendi honi lehenbailehen amaiera ematea da». Horregatik, zehazteke utzi zuten denbora epe batean erantzunik edo aurrerapausorik izaten ez bada, neurri zorrotzagoak hartuko dituztela ohartarazi zuten, nahiz eta ez argitu zehaztasunez nondik nora joko duten aurrerantzean. Kultura arloko mila lagun baino gehiago biltzen dituen elkartearen aburuz, afera horren gaineko neurririk ez hartzeak «betiko galerak» eragiten ditu. Izan ere, egoera horri gehitu behar zaio bertan indusketa lanak egiten ari zen Aranzadiko taldeari dirulaguntzak kendu izana, eta, beraz, haitzuloaren eta haren inguruaren garapena bertatik bertara jarraitzen duen gertuko lekukorik ez dela geratzen azpimarratu zuten.

Ildo beretik, tamalgarritzat jo zuten aurreko legegintzaldian beraien premisa berberak defendatzen egon zirenak, behin agintera iritsita, ideiaz aldatzea. Taldearen iritziz, irtenbide bakarra 2007ko abenduaren 14an Gasteizko Legebiltzarrak onartu zuen mandatua betetzea da eta, bide horretatik, indarrean dagoen dekretua aldatu, eta Praileaitz inguratzen duen mendi-mazela osoa babestea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo