GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Baionako bestak

Bestetan euskarak duen presentzia indartua agertu da haurren egunean

Haurrak izan ziren atzoko egitarauaren aktore nagusiak. Baionako jaietako Haurren Egunak familiak zituen gehienbat erakarri. Nabarmentzekoen artean, eskainitako bazkari biologikoa, eta arratsaldean, Poterne gunean antolaturiko animazioetan, elebiduntasuna nagusitu izana.

p018_f02_250x128.jpg

Ainize BUTRON

Haurrek Baionako karrikak hartu zituzten beraiei zuzenduriko eguna preziatzeko. Gosaltzeko, lasterka ibiltzeko, bazkaltzeko eta jostatzeko parada eskainia zitzaien, hamarretan hasi eta arratsaldeko seiak arte prestatuak ziren animazioetan. Halere, aurtengo Haurren Egunak bi berezitasun azaldu zituen: bazkari biologikoa eta euskara. Txokolate goxoa dastatu ondoren, familiek herriko karrikak zeharkatzeko aukera izan zuten antolatuak ziren animazioetan parte hartzeko: Leon erregearen gorteaz osaturiko diganteak ibilaldian, edo, Baionako jaietan tradizioa bilakatua den «entzierro txikia», egurrezko zezenen lasterraldian, esate baterako.

Baina, guztien artean ekitaldi nagusia Poterne deitu parkean finkatua zuten. Puzgarriak, egurrezko joko handiak, aurpegiak margotzea, futbol, errugbi edo Xibak antolaturiko herri kirolak eskainiak izan zitzaizkien haurrei. Halere, Poterne eremu horretan zangoak sartu bezain laster, euskarari emana zitzaion lekua nabarmena zen.

Aurkibide guztiak bi hizkuntzetan idatziak izateaz gain, esatariak ere euskaraz eta frantsesez azaltzen zituen berri guztiak. Euskararen presentziaren indartzea sumatzen zen, halaber, Udalak banatu egitarau liburuxketan eta aurtengo besten afixetan.

Kolorearen polemika

Zuri-gorriz jantzita, gidak jaiaren historia, Iruñearekiko lotura, bestaren tradizioak edo koloreen aukeraketa hizpide zituen. Zuri-gorria Iruñeko jaiei kopiaturiko kontua zela argi adierazi zien. «Lehenago langileen buzo urdina jartzen zen jaietan, langileak lan egunaren ondotik hurbiltzen baitziren bestara», nabarmentzen zuen. Edo, Leon erregeari, Iruñeko San Fermini bezala, burua moztu ziotela azaltzen zuen bi herrien arteko lotura estua argitzeko.

Esnatzea zaila

Eguneko ustekabe handiena, halere, Udalak eman zuen atzo. Komunikazioari garrantzia handia ematen zaion uneotan, jaien iragaite lasaia agerian jartzeko Herriko Etxeak egunero informazioa zabaltzeko erabakia hartu zuen iaz.

Goizero, jaiaren biharamunean prentsaurrekoa iragarria zuten. Hitzordua goizeko bederatzi eta erditan emana zieten kazetariei. Baina, hura izan zen kazetarien harridura bertara iritsi eta Herriko Etxeko agintariek hitzordua ahantzi zutela ulertzerakoan.

Bezperako xanpain gehiegikeriak horretan ondorioa izan zezakeela uste izaten ahal zen hurbildu zen langile bakarrari akidura handia sumatzen zitzaiolako. «Berriak horrekin hornitzeko asmoa neukan», zioen irratiko kazetari batek beste gairen bat aurkitzeko ahaleginak egiten ari zen bitartean.

Halere, prentsaurreko mamutxu hori jaien lehen egunetan izandako giro lasai eta goxoaren adierazle ere bada. Kantua, dantza, musika eta, oro har, besta goxotasunean egiteko nahikeria argi ikusten da kaleetan. Eta, Pirinio Atlantikoko Prefekturak kaleratu duen agiria errealitate horren lekuko da.

Jai orotan gertatzen den bezalako mozkorkeria handi batzuetatik at, istilurik ez zen gertatu, eta, oraindik goiz bada ere, ez da bortxaketa salaketarik izan. «Aurreko urteetan baino jende gutxiago ikusi da kaleetan», zioten baionarrek asteazken gaueko bestari buruzko komentarioak egiterakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo