GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zentsura eta debeku guztien gainetik, Usurbilgo herriak jakin, badaki

Gasteizko eserlekua uzteko atarian, Javier Balza Herrizaingo sailburuak ireki zuen «argazkien ehizaren» ildoko beste gertaera bat izan da, oraingoan Usurbilen. Ia mende laurdena zuen mural ikusgarria ezabatu du Ertzaintzak, herritarren artean haserrea eraginez.

Arantxa MANTEROLA

Elizaren horma bezainbesteko ospe handikoa ez bada ere, Alejandro Tapia margolari aginagarrak orain hogeita lau urte egindako horma-pintura enblematikoa bilakatu da urteen poderioz. Nabarmena da 1985ean Herri Batasunaren «Euskal Herria alaitsu eta borrokan kementsu» kanpaina ospetsuaren harira egindako murala ondare oso berekotzat dutela usurbildarrek. «Antzinakoa ez bada ere, Euskal Herriko historia hurbileko garai esanguratsua islatzen du. Eta 'du' hori bereziki azpimarratu nahi dut, ze Ertzainak egindako sarraskiaren ondoren ere, usurbildarrontzat eta, oro har, euskal herritarrentzat esanahi berezia izaten jarraituko du. Herri honen adierazpen askatasunaren zanpaketaren lekuko izango da aurrerantzean», zioen herritar batek.

Hain zuzen ere, bere ikusgarritasun eta edertasunaren gainetik, aro eta borroka politiko baten adierazle izateagatik ezaguna da margolan hori eta hainbat liburu, aldizkari, erreportaje grafiko eta telebista dokumentaletan agertu izan da, Usurbildik harago, baita atzerrian ere.

«Gomendioa» agindu bilakatuz

Kaleetan zintzilikatutako preso usurbildarren argazkiak kentzeko «gomendioarekin» batera, duela bi hilabete jaso zuen Udalak margolanaren hainbat irudi ezabatzekoa ere, «terrorismoaren biktimentzat iraingarri» suerta zitezkeelakoan. Beste udalerri batzuetan bezala, gomendioa agindu bilakatuta, orain bi aste hogeita lau ordu eman zion Herrizaingo Sailak bere esanak betetzeko. Udala juridikoki aztertzen ari zen margolanari dagokionean agindu horren bidezkotasuna, presoen argazkirik ez baitzen bertan agertzen, eta, nahiz eta eraikin pribatu bateko horman egon, artelana salbatzeko aukerak jorratu nahi zituen.

Herrizaingo Sailak, nonbait, eginak zituen azterketa guztiak eta errepideetako seinaleak margotzen aritzen diren langileek, ertzainek babestuta, azkar asko suntsitu zuten horma-pintura.

Xabier Mikel Errekondo alkateak «adierazpen eskubidearen urraketa garbia» ikusi du egintza horretan. «Aldez aurretik ateratako argazkia eskuetan aritu dira ikurrak, lemak eta alderdien izenak ezabatzen. Inor zehazki irudikatzen ez zuten aurpegiak ere estali egin dituzte pinturarekin. Zentsura nabarmena da».

Lanari gustua hartuta, ikurrina ezabatzeari ekin ziotelarik, herritar batek «Hori ere legez kanpokoa al da?» jaurti zienean soilik gelditu zuten brotxa suntsitzailea. «Direnak eta ez direnak, dena izorratzea, hori da helburua», zioen haserre. Izan ere, «legez kanpo deklaratu gabekoen izenak ere kendu dituzte, LAB sindikatuaren aipamena, adibidez. Lan zikinari aurrea hartzen arituko dituk!» gaineratu zuen amorratuta.

Margolanaren itxura berriari begira ari zen emakume batek bere «harridura» azaldu zuen: «Ez dut ulertzen. Nik ez dut pentsatzen inor iraintzen zuenik. Murala gure herriko paisaiaren parte da aspalditik. Beste herrialde batzuetan, Irlandan edo Hego Afrikan esaterako, garai bateko lekuko bezala zaintzen eta erakusten dituzte. Hemen, berriz, ezabatu, errealitatea baztertuz gauzak konponduko direlakoan. Martxa honetan, euskaldunok behintzat ez dugu, ez, berehalakoan ezagutuko irlandarren egoera».

Memoria kolektiboa

Zazpi urte beteko dira aurtengo neguan herriko talde batzuk 1970eko hamarkadatik hasita, Usurbilgo memoria errepresiboa landu zutenetik. Ahazteko asmoarekin, ezer gertatu ez balitz bezala, askotan ezkutuan geratzen den herriko historiaren zatia liburu batean kaleratu zuten orduan, eta etxez etxe banatu.

Liburuaren azala, preseski aste honetan ezabatutako horma-pinturarekin apaindu zuten, eta jasotako pasarteak gordinak izan arren, memoria kolektiboan geratzen direla nabarmentzeko «Herriak badaki» izenburua jarri zioten.

Bilduma-lan hartan aritutako herritar batek hitzokin aitortu zuen bere iritzia: «Zoritxarrez gure historia estali, ezkutatu, baztertu, ezabatu edota manipulatzeko saiakera gehiago izango dira seguru asko, baina usurbildarrek, jakin, jakiten jarraituko dute». Beste hainbat kiderekin batera, murala ezabatu aurreko eta ondorengo irudiekin eta baita preso usurbildarren aurpegiekin ere fotokopia mordoa besapean zituela, «herriko hormak jostera goaz» irmoki adierazi zuen, bere bideari ekin aurretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo