Euskal Herria jaietan
Suziri jaurtiketarekin hasiko dituzte jaiak Etxarri-Aranatzen
Gaur eguerdian jaurtitako suziriarekin jaiei hasiera emango diete Etxarri-Aranatzen. Egun osoan zehar, ez dute aspertzeko astirik izango ez Sakanako txoko honetako biztanleek, ez bertara inguratzen direnek. Izan ere, zahar, heldu zein gazte, guztien neurrira prestatutako ekitaldiak izango dira; kale animazio, pala partida, dantza ikuskizun, «auzate» eta dantzaldirik ez da falta izango.
GARA |
Urte sasoi honetan Euskal Herriko hamaika txokotan ospatzen dituzte herriko jaiak. Horretan, ez dira atzera geratuko Etxarri-Aranatzen, izan ere, Sakanako txoko honetan gaur emango diete hasiera datorren ostegunera arte ospatuko dituzten jaiei. Adin guztietako biztanleei begirako egunak prestatu dituzte: Arañaz elkartearen eguna, koadrilen eguna, haurren eguna, aitona-amonen eguna eta kintoen eguna. Datozen egunetarako egitarau bete-betea dute hortaz, bai etxarriarrek bai aste honetan bertara inguratzen diren guztiek.
Eguerdiko ordu batean udaletxetik jaurtiko dute festen hasiera iragarriko duen suziria. Kalean, giroa alaituz, kalejiran ibiliko dira erraldoiak eta buruhandiak, gaita-jotzaileen eta Jaiak txarangaren laguntzarekin. Bestetik, urtero egin ohi duten jaietako kartel lehiaketako sari banaketa egingo dute. 2008an jaiotako haurrei, gainera, jaietako zapiak banatuko dizkiete.
Txupinazoaren ondotik Jaiak txarangaren doinuez alaiturik, «bermut kontzertua» arduratuko da herriko kaleetan dantza giroa jartzeaz, gerturatzen diren guztien gozagarri.
Arratsaldez ere ez da aspertzeko betarik izango Sakanako txoko honetan. Gure Pilota elkarteak antolaturik, nesken pala partidak jokatuko dira 17.00etatik aurrera. Geroxeago, berriro kaleko giroa alaitzeko asmoz, Jaiak txaranga herriko kaleetan zehar ibiliko da.
Euskal dantzen ikuskizunaz gozatu ahal izango da 18.30 aldean. Hain zuzen ere, herriko Etorkizuna dantza taldea eta Ezpeizeko (Zuberoa) dantzariak arituko dira oinak astitzen taula gainean.
Jan-edana soberan
Bestalde, ohitura dute, Etxarri-Aranatzen, jaietan auzatea egiteko, hamaiketako edo aperitibo modukoa. Lehenbizikoa gaur 20.30ean izango da, eta Hartzabal, Etxe-Azpi, Udaberri, Larrañeta eta Karrikestu elkarteak arduratuko dira jan-edana mahai gainean jartzeaz. Haragi gisatua eta ardoa izango dira prest, gauak dakartzan ekitaldietarako beharrezko indarrak hartzeko. Datozen egunetan, eguerdi partean egingo dute auzatea, herriko elkarteren baten eskutik beti.
Sabelak alaitzen dituzten bitartean, Tximeleta taldea arituko da Herriko Plaza musika doinuez alaitzen. Gaueko hamarrak bueltan, bestalde, zezensuzkoa ibiliko da herriko kaleetan.
Gauerditik aurrera berriz, egunari amaiera edo gauari hasiera emateko, Tximeleta taldeak hartuko du berriro ere lekukoa.
Hasi besterik ez
Datozen egunotan ere, izango da zer gozatu Etxarri-Aranatzera inguratzen direnentzat. Bihar bertan, Arañaz elkartearen eguna izango da. Goizeko zortzietan dianarekin hasita, goizaldean amaituko da jaia.