GARA > Idatzia > > Ekonomia

Confebask-ek CEOEren alde egin du Madrilen zapuztutako elkarrizketa sozialaren harira

Confebask-ek plazaratzeko zuen Madrileko elkarrizketa sozialaren mahaia bertan behera geratu izanari buruz zer iritzi duen. Atzo, ordea, Jose Guillermo Zubia idazkari nagusiak CEOEren defentsa sutsua egin zuen.

p024_f01.jpg

GARA |

Patxi Lopezek bultzatutako elkarrizketa mahaia dela-eta, azkenaldian eskutik helduta dabiltza Lakuako Gobernua, CCOO eta UGT sindikatuak, eta Confebask enpresarien elkartea. Agian arrazoi horregatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako patronala ordezkatzen dituen elkarteak ez du orain arte ezer esan elkarrizketa sozialaren harira Madrilen izandako azken gertakarien gainean. Izan ere, duela egun batzuk aipatu elkarrizketa bertan behera utzi zuten CCOOk, UGTk, PSOEren Gobernuak eta CEOEk, eta Rodriguez Zapateroren Exekutiboak, presidentearen beraren ahotik, kritika zorrotzak egin zizkion patronal espainolaren ordezkaritzari.

Eztabaida honen guztiaren karietara, atzo, Jose Guillermo Zubia Confebaskeko idazkari nagusiak bere iritzia eman, eta adierazi zuen Gobernu espainolak hartutako jarrera «bidegabea» izan dela, berari ez zegokion «alde baten aldeko» portaera izan duela iritzita.

Zubiak, edonola ere, udako oporren ostean elkarrizketa prozesuari berriz ekiteko itxaropena agertu zuen.

Europa Press agentziari eskainitako elkarrizketa batean, Confebaskeko ordezkariak zalantzarik gabe esan zuen elkarrizketaren hausturaren errua Zapateroren Kabineteak izan duela. Balorazioekin jarraituz, gaineratu zuen Gobernuko ordezkariek elkarrizketa mahaian egindako azken proposamenak ez duela ezertarako balioko krisiari aurre egiteko.

Bestalde, «ez daiteke negoziazio prozesu bat abiarazi, hasieratik mugak jarrita» esan zuen Zubiak, CEOEri eta konfederazio horren presidente Gerardo Diaz Ferrani babesa adieraziz, eta gaineratu zuen ez dela onargarria gai batzuen gainean ezin dela hitz egin esatea.

«Lan merkatua ez dabil»

Patronalaren ordezkariaren iritzirako, elkarrizketa horren testuinguruan badaude «ezinbestean» jorratu beharreko gai batzuk, hala nola lan merkatuaren erreforma. «Lan merkatua ez dabil, batez ere Europar Batasunarekin alderatuta», adierazi zuen, ildo honetan. Horregatik lan esparruan aldaketa «estrukturalak» eskatu zituen Zubiak, eta kritikatu zuen beste eragileek gai honen gaineko eztabaidari heldu nahi ez izatea. Hau guztia, betiere Madrilen kokatzekoa den elkarrizketari dagokionez, Gasteizen, oraingoz, akordiorako bidea baino ez baitu topatu UGT eta CCOOrekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo