GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Bide berriak

 

Mugitzen ez den ura usteldu egiten da. Usteltzen diren gatazkak ez dira erraz gainditzen. Nora eramaten ahal gaitu espiralak? Atxiloketak, gerla zikina, errepresio formula berriak, ideien kriminalizazioa, ilegalizazioak, hauteskunde iruzurrak, alde batetik. Bestetik, izugarrizko oihartzun mediatiko eta politikoa izan duen ofentsiba armatua. Espirala aurrera doa. Gero eta gordinago, gero eta sakonago.

Honelakoetan hausnarketa politikoa baztertzen da eta amorrua bilakatzen da alderdi eta instituzio gehienen ikurra. Irainak, deskalifikazioak, mehatxuak, irmotasun aldarrikapenak; betikoa. Eta beti bezala, inoiz baino ozenago oihukatzen dute. Beti inoiz baino gehiago. Eta ETA, beti bezala, inoiz baino ahulago. Atentatuak ahuleziaren adierazpenak dira. Azken kolpeak! Usteldutako mezu horien gainetik, edo azpitik, edo gibeletik, batek daki, errealitatea dago. Estatuak aurrerapen handiak gauzatu ditu ETAren kontrako borrokan, baina ez du inondik inora ETA neutralizatu. Begi bistakoak dira kolpe polizialak, erakunde horren egiturari gogotik eraso diotelarik. Baina agerian dago, halaber, horrek ez duela ETAren gaitasun operatiboa desegin. Areago, nabarmena da hondarreko atentatuen garrantzia.

Sakoneko eztabaida ez dago termino hauetan, baina, gustatu ala ez, horrela ikusten dute Estatu espainolean agintzen dutenek. Gatazkaren natura politikoa ukatzeko obsesioak mugituta, eztabaida termino operatiboetara eraman nahi izan dute. Hau da: estatuak inposatzen ahal du irtenbide polizial bat? Hau da ezarri duten lehia, espirala ohiko ekintza-errepresioa-ekintza parametroetan kokatuz. Eta, halarik ere, atentatuei ematen dieten arretak mezu ofizialen ahulezia agerrarazten du. ETAren azkenengoak baldin badira, nola ulertu izan duten erantzuna? Delinkuente banda baten gaiztakeriak besterik ez badira, zergatik zabaltzen dituzte mezu politikoak arduradun politiko eta instituzionalek? Zergatik hitz egiten dio ETAri Rodriguez Zapaterok? Bai, natura politikoa ukatzeko egiten du, eztabaida maila polizialean kokatzeko, hori dena badakit, baina egin izanak lortu nahi dutena ukatzen du. Izan ere, Estatuko lehen mailako agintari guziek hitz egiteko beharra sentitu dute. Eta denek bere hitzek adierazten duten larritasuna ukatu nahi izan dute. Gatazkaren ezaugarripen politikoa ukatu nahian, azpimarratu egiten dute.

Hor dago koska, maila politikoan. Estatuak esaten du ideia guziak politikoki, armarik gabe defendatzen ahal direla. Une berean, jendea kartzelatzen du ideiengatik, alderdiak debekatzen ditu, hauteskundeak boikotatzen ditu... Non dago politika egiteko lekua? Kartzelan? Armarik gabeko konfrontazio politikoa ahalbideratzen duen agertokia eraiki beharra dago. Hori da eman beharreko urratsa. Baina horretarako eztabaida polizial-operatiboak alde batera utzi behar dira. ETAk atentatu gutxi edo asko eginik ere, Poliziak ezker abertzalea kolpatu edo ez, gatazka bera da, erro berberak ditu, eta irtenbide bakarra konponketa politikoa da.

Konponbidea; hau da gakoa. Egoera honen aitzinean egin dezakegun onena gatazka konpontzeko urratsak ematea da. Benetako urratsak, emankorrak, ausartak. Bide berriak bilatzea, finean. Bide berriak behar baititugu espiral hau lehenbailehen gainditzeko. Bakean eta libre bizi nahi dugulako!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo