GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Euskal Herria jaietan

Santespiritu auzoa girotzeko indarrak oraingoz murritzak

 Besten egitarauaren aurkezpenean aipamen berezi bat egin zuten jaiak Alde Zaharretik kanpora zabaltzeko egin zen indarrari buruz. Jaietan ahantzirik geratzen den Santespiritu auzoa girotzean bermatzen zen hedapen hori. Baina, indarrak murritz geratu dira.

Ainize BUTRON |

Baiona Ttipi eta Handiko auzoetatik kanpora atera, eta urtero zaila egiten zaie festazaleei jai giroa beste auzoetan ere antzematea. Banda, gaita-jotzaile, dantzaldi, behi lasterketa eta egitarauaren gainerako hitzordu nagusiak bi auzo horien karrika txiki eta ertsietan baizik ez dira izaten. Ondorio horretara iritsi diren herritarrak gero eta gehiago direla ikusirik, aurten, Santespiritu auzorako ere ekitaldiak antolatzea erabaki du Besten Batzordeak. Hala, zenbait festazalek jaiaren muinetik kanpora ateratzeko saiakerak egin zituzten atzo, Herriko Etxeak aipatu bezala Santespiritu auzoko jai giroa aurkitzeko. Baina, zer-nolakoa izan zen beraien harridura, bertaratu eta, deus aurkitu ez zutelarik.

Bertan zegoen saltzaile bati galdetu ondoren jai giroa non ote zegoen, honako erantzuna jaso zuten: «Ez da gauza handirik gertatu. Bada, gauero, sekula gertatu ez den bezala, dantzaldi bat jarri digutela salbu, Errepublika plazan. Dragoi argitu baten bisita ere izan dugu gaueko ikusgarria zela-eta».

Alta, animazioak baziren bai auzoan, baina, karriketatik kanpo. Horrela, plaza nagusitik pattarra gora igo, eta Rail Bayonnais deitu frontoian gazte pilotariak pilota partida jokatzen ari ziren. Egitaraua hitzez hitz irakurtzen duen turista eta galdutako pilotazale batzuetatik kanpo festazale gutxik egin zuen indarra bertaratzeko. Pilotariekin batera, sinagogan eta eliza erreformistan kontzertuak eskaintzen zituzten, kantarien artean Beñat Achiary zegoelarik.

Auzoan itzulika aritu ondoren, amore eman zioten festazaleek bilaketari, eta Orai Bat elkarteko diganteen ibilaldiari jarraituz itzuli ziren.

Hala, Baiona Ttipi eta Handiko harrabots eta akiduratik ihes egiterakoan, Baionako herritarrek Santespiritu auzoan giro lasai eta goxoa aurkitzeko aukera izan zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo