GARA > Idatzia > > Kultura

Bauhausen 90. urteurrena atzera begirako batekin gogoratua

Bere sorkuntzatik laurogeita hamar urte igaro direnean, Bauhausek bere urteurrena era berezi batean ospatuko du. Udazkenera bitarte, milaka artelan biltzen dituen atzera begirako erraldoia izango da Berlinen ospakizunetarako baliatu formula; bertan, arte eskola honek izandako eragina XX. mendeko mugimendu artistikoan nola bilakatu zen erakusten da.

p042_f01_148x84.jpg

GARA | BERLIN

Berlineko Martin-Gorpius-Bau arte galerian aurkeztuta eta «Bauhaus, eredu kontzeptuala» izenburupean, erakusketa honek 1919 eta 1933 urteen arteko mugimendu abangoardista honek artearen eremu guztietan, margotik diseinura eta arkitekturatik eszenara, izan zuen eragina azaleratzen du. 1919. urtean Weimar-en sortua (Berlinetik 250 kilometrotara), Bauhaus eskolak, eraikuntzaren etxea alemanez, 200 ikasle baino gehiago izan zituen; horietatik erdiak emakumezkoak izan ziren, garai haietan salbuespen oso garrantzitsua.

Bere sortzaileak, Walter Gropius arkitektoak, «ez zuen nahi margolariek, arkitektoek, bakoitzak berarentzat lan egitea, komunitate artistiko handi baten barruan baizik», azaldu zuen Ulrike Bestgen-ek, Weimar fundazioan adituak. «Lan plastikoaren azken helburua eraikuntza da!», esaten zuen Bauhausen manifestuak, «artisten eta artisauen arteko harrotasun horma» bertan behera botatzeko deia ere egiten zuelarik.

«Gorpiusek ez zuen nahi Bauhaus estilo batean bilakatzerik, eta zuzenbide artistiko bakarra bideratu zuen: artea mundu guztiarentzat eskuragarri izatea», agertu zuen Bestgenek. Horrela, «irakasle bakoitzak bere estilo propioa garatu zuen». Horien artean itzal handiko izen ugari aurkitzen dira, besteak beste, Mies van der Rohe, Vassily Kandinsky, Paul Klee edo Oskar Schlemmer. Berlinen aurkeztu zen Peter Keler-en egurrezko sehaskak, oinarrizko formez osatuta eta kolore primarioekin, Kandinsky maisuaren eragina lekukotzen du.

Lanik esanguratsuenak

Hasiera batean «guztientzako eskuragarri» izan beharko zukeen artea defendatzen bazuen ere, gaur egun Bauhausek garesti saltzen ditu bere diseinuak. Bere klasikoetako bat, 1926an Marcel Breuer-ek sortu zuen «B3» lana, altzairuz eta larruz egindako butaka, atzera begirako honetako piezarik ospetsuenetakoa da. «Eserleku hau 80ko hamarkadan soilik berrargitaratu zen, eta Vassily Chair izenarekin ezagutzen da, kaleratu zenean zuen marketin beharrarengatik», aipatu zuen Bestgek arrakasta oparoa lortu aurreko urteak gogoratuz. Nolanahi ere, aditu horren iduriko, bisitariek arreta berezia jarri behar dute Schlemmer artista alemaniarrak sortutako Bauhausko Eskailera famatuan (1932an sortutako zati originala da, Alemanian gatazka juridikoen arrazoi izan zena).

1933an naziak mugimendu artistikoa desegiten saiatu ziren, «gainbehera etorritako artea» zela pentsatuta. Hala ere, Buhausko irakasle eta ikasleak mundu osoan banatu ziren, mugimenduaren zabalkundeari bultzada are handiagoa emanez.

Horrez gain, atzera begirako honek, toki berezi bat eskaintzen dio mugimenduak utzitako ondare garaikideari: Bauhaus izenarekin bataiatutako hainbat objektuk, gehienak Internet bidez aurkitutakoak, Ikea saltoki guneko areto handi bat irudikatzen dute, «guztientzako artea» defendatzen duen premisa berreskuratuz.

Mugimenduaren 90. urteurrenak Berlingo harresiaren erorketaren 20. urteurrenarekin bat egiten du. «Harresiaren erorketaren aurretik oso zaila litzateke horrelako erakusketa bat antolatzea», nabarmendu zuen Bestgenek. Eta halaxe da, izan ere, erakusten diren hainbat lan jada desagertuta dagoen Alemaniako Errepublika Demokratikoko Weimar eta Dessau hirietakoak ziren. Azaroan, erakusketak New Yorkera bidaiatuko du.

BULTZADA

1933an naziak mugimendu artistikoa desegiten saiatu ziren, «gainbehera etorritako artea» zela pentsatuta. Bauhausko irakasle eta ikasleak, ordea, mundu osoan banatu ziren, mugimenduaren zabalkundeari bultzada are handiagoa emanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo