GARA > Idatzia > > Euskal Herria

AHTaren lanak gelditzea galdegin dute ehunka «inurrik» Durangon

AHTaren Aurkako Asanbladak aste osoan zehar Izurtzan egindako kanpaldiaren baitan, manifestazioa egin zuten atzo Durangon proiektuaren eraikuntza lanak gelditzeko eskatuz. «Inurriak gora, hormigoia bera» lelopean Orozketa auzoan egiten ari diren obretara gerturatu ziren eta Estatu espainoleko Sustapen Ministerioak Gasteiz-Bilbo ibilbidea «inposatzeko» hartutako erabakiak salatu zituzten.

p011_f02_148x104.jpg

GARA |

600 bat lagunek parte hartu zuten atzo AHTaren eraikuntza lanak gelditzeko eskatuz Durangon egindako manifestazioan. «Inurriak gora, hormigoia behera» izan zen ekimenaren lelo nagusia eta horregatik hainbat manifestarik inurriz mozorrotuta egin zuten ibilbidea.

Durangoko Santa Ana elizpetik abiatu zen mobilizazioa eguerdiko hamabietan eta Orozketa auzoan egiten ari diren obretara joan ziren. «Porlanik gabeko mundu baten alde» zioen pankarta nagusiak, eta martxa giro alaian burutu zuten AHTaren eta desarrollismoaren kontrako kantuen artean.

Obrak hasten diren lekura iristerakoan, berriz, eraikuntza lanek sortutako «zentzugabezko txikizioa» salatzen zuen komunikatua irakurri zuten. Estatu espainoleko Sustapen Ministerioak AHTaren obrak Gasteiz eta Bilbo arteko ibilbidean hedatu eta «inposatzeko» hartutako erabakiak ere gogor kritikatu zituzten.

Ministerioa «hormigoiaren erlijioa» zertan datzan erakusten ari dela azpimarratu zuten. Horren adibide bezala, derrigorrez desjabetutako baserri eta lurrez gain, lanetatik gertu bizi diren nekazariek jasaten duten «mespretxua» aipatu zuten.

«Gurpil handidun kamioien etengabeko joan-etorriak, lurren inbasio eta kaltetzeak... Erasoak etengabeak dira. Badirudi nahita egiten dutela, oraindik ere nekazal kulturari eta elikadura subiranotasunari eusten diotenak behin betikoz hirira bidaltzeko», nabarmendu zuten.

Egiten ari diren obrekin kalte ekologikoak sortzen ari direla onartuta ere, Zornotzako aurkikuntza arkeologikoekin edo Zadorra ibaian bisoi europarraren ugaltzearekin gertatu bezala eraikuntza lanekin aurrera jarraitzea kritikatu zuten AHTaren aurkakoek.

Lan eremuetan ematen ari den militarizazioa eta Ertzaintzaren presentziarekin obrak ikustea eragoztea ere salatu zuten. Hori bai, arazoak arazo, AHTaren aurka antolatzen jarraituko dutela aldarrikatu zuten.

Komunikatua irakurri ondoren, manifestari ugari lanen zonaldetik alde egiten hasi zen; bien bitartean, dozena bat «inurriz» osatutako bi talde mendi magaletatik jaitsi eta «Stop AHT» eta «Txikizioa txikitu, AHT gelditu» leloa zuten pankarta bana ezarri zituzten.

Une horretan, martxako hainbat partaidek obretan sartzea erabaki zuten; 100 lagun inguru lan eremuaren barnean egon ziren era baketsuan hogei bat minutuz. Horietako hainbatek haziak eta zuhaitzak landatu zituzten «makinek suntsitutako lurrak bizitzaz kutsatzeko». Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu zituen, inolako istilurik gertatu ez zen arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo