GARA > Idatzia > > Ekonomia

Europako esne ekoizleen greba gutxi barru izango dela jakinarazi dute laborariek

p027_f01_148x108.jpg

Idoia ERASO |

Atzo Ipar Euskal Herri osoko esne ekoizleak elkartu ziren Saran esnearen prezioek laborariei eragiten dieten egoera zailaren berri emateko. Horri aurre egiteko, EMBren (European Milk Board) kide den APLI elkarteak (Assocition des Producteurs de Lait Indépendants) «esnearen grebara» deitu du. Greba hori noiz egin uztailaren 7an erabaki zen Europa mailan, baina ez da ezagutzera eman esne enpresengan eragina handiagoa izan dadin. Mauleko Xabi Hastaran esne ekoizlearen hitzetan, «berehala helduko da».

Greba horren bitartez esnearen banaketa geldiaraziko dute, elikagaiaren salneurria igoarazteko. «Orain esne pinta 20 zentimotan ordaintzen digute eta gero kooperatibek euro batean saltzen dute. Guk 40 zentimotan ordain diezaguten eskatzen dugu, oraingo prezioarekin dirua galtzen ari baikara», azaldu zuen Sarako Karmen Errandoneak. Saratarrak Lagunarte sozietatean parte hartzen du eta hilabetean 6.000 eta 8.000 euro galtzen dituztela adierazi zuen. «Egoera honetan beste hiru hilabete besterik ez dezakegu iraun», gaineratu zuen.

Grebak ze iraupen izango duen ez dakite, baina enpresei presioa egiteko behintzat zazpi edo zortzi egunekoa izan beharko dela aurreikusten dute nekazariek. Esne enpresek biltegietan lau egunetarako elikagai freskoa dutela azaldu zuten.

Esne ekoizleen elkarteek salmenta prezioa egonkortzea eta ekoizpena erregularizatzea eskatzen dute. Horrez gain 2015erako ezabatzea aurreikusia dagoen esne kuota atxikitzea derrigorrezkoa dela ere azaldu dute laborariek.

«Sindikatuei ez diegu eskatzen ofizialki gure grebarekin bat egitea, baina bai behintzat traba ez egitea», esan zuen Xabi Hastaranek. ELB sindikatuak adierazi duenez, grebarekin bat egingo duen ala ez eztabaidatzen ari da.

Saltegietan prezio bera

Esne ekoizleek gizarteari helarazi nahi diote beren salmenta prezioak ez duela zertan kontsumitzaileek saltegietan atzemango duten prezioa igo; tarteko enpresen irabazia izango litzateke neurri horrekin murriztuko litzatekeena. «Gizartean beldurra zabaldu nahi dute, baina gure eskariak ez dira kontsumitzailearen kaltetan», jakinarazi zuen Mauleko ekoizleak.

Horren harira, greba hasten denean enpresetan lau egunetarako esne gordekina bukatu ostean mundu mailako merkatura joko dutela azaldu zuten, eta horrek osasun eta elikadura segurtasunean ondorio kaltegarriak izan ditzakeela. «Argentinan erosten badute, ongi, baina melanina daraman Txinako esnea erosten badute, zer gertatuko da?», adierazi zuen Hastaranek.

Grebak iraun bitartean ekoizleek esnea produkzio tokietan salduko dutela nabarmendu zuten. Ahal den heinean esnea ez botatzen saiatuko direla azaldu zuten. Doan ere emango dute, toki publikoetan antolatuko dituzten ekintzetan. Egunero edo bi egunean behin laborarientzat informazio bilkurak antolatuko dituzte grebak iraun bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo