Jose Maria Garcia CCOO Gipuzkoako lurralde arduraduna
Inpartziala, gardena eta legea beteko duen Administrazio Publikoaren alde
Dudarik gabe, sektore publikoaren inpartzialtasunerako eta gardentasunerako berme eta neurriek huts egin dute. Administrazio Publikoa ahulduta dago politikaren mesedetan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren sinesgarritasunak jasan dituen kalteek pauso kualitatibo handia eman dute egun hauetan. Gipuzkoako Ogasun Publikoko zuzendaritzako kide bati Fiskaltzak ezarri dion salaketa ezagututa, gaitzespen eta haserre jarrerak ahobatezkoak izan dira. Epaileak dira, noski, dagozkien bermeekin Administrazio honetan gertatu denaren erantzukizun penala argitu behar dutenak. Hala ere, gauza gehiago ikertu behar lirateke eta Gipuzkoako Ogasuneko goi kargudunen hautatze eta zaintzan ere erantzukizun politikorik dagoen aztertu behar lukete Batzar Nagusiek, tamalez nahikoak ez badira ere, erantzun hauek beharrezkoak direlako.
Euskadiko Langile Komisioetan beti babestu dugu gizartearen eta herritar guztion interesen menpeko sektore publikoa. Gertatu dena ulertzen laguntzeko gako batzuk eman nahi genituzke, komenigarria baita beste ikuspuntu batzuk ere ezagutzea.
Gertatu dena ez da ezustekoa izan. Arazoa larria dela agerian utzi dute Ogasuneko Zuzendaritza politikoan ustezko irregulartasunek iraun duten 12 urte luze hauek. Bizkaiko Foru Ogasunean judizialki ikertzen den prebarikazio eta eroskeria kausa gogoraraztea ere merezi du, zerga ikuskapenean 15 urtez egon den eta izendapen askeko kargudun izandakoa baitugu protagonista honakoan. Guggenheim, Balenciaga eta Osakidetzako iruzurrak ere hortxe ditugu, beraz, ez da egoeraren araberako gertakari segida hutsa izan. Honen guztiaren azpian ekaitza ezkutatzen da, arduragabekeriaz gainezka dagoen testuinguru honek ustelkeria egoera hauek erraztu ditu.
Zer da ba Administrazio Publikoan oker dabilena? Aldez aurretik, kargudun politiko gehienak zintzo eta garbi aritzen direlakoan gaude, baina horrek ezin du ezkutatu atzetik gertatu den Administrazio Publikoaren hondatzea, ez dago gardentasunik, ez eta inpartzialtasunik ere; are gehiago, ez dute legediaren menpe jokatzen. Beraz, inpartzialtasunaren berme eta neurrien ahultze progresiboa gertatu dela azaltzea beharrezkoa da. Bata bestearengandik argi eta garbi bananduta egon behar zuten bi eremu nahasteagatik gertatu da objektibotasun eta gardentasunaren desegitea. Batetik, legea ezarri, eraldatu eta lehentasunak finkatzen dituen zuzendaritza politiko legitimoaren lan ildoak, eta, bestetik, Administrazio Publikoa, zerga-legeak aplikatzen dituen erakunde tekniko-profesionala.
Dudarik gabe, sektore publikoaren inpartzialtasun eta gardentasunerako berme eta neurriek huts egin dute. Administrazio Publikoa ahulduta dago politikaren mesedetan. Logika politikoa funtzio publikoaren eremuan barneratu da eta baliogabetu egin du. Politika eta alderdikeria irizpideak, legea zorrotz bete beharko lukeen eta bereziki inpartziala behar lukeen alorrean murgildu dira.
Ahulezia honek, oraintxe ikerketa bidean dagoen egoera hau erraztu eta sustatu du. Administrazio Publikoaren desgaste iturriak hainbat izan dira gure ustez: administrazioko kupulako goi-kargu eta aholkulari kopurua etenik gabe hazi da, gehiegikeria bistakoa da funtzionario zuzendaritzako izendapen askeetan, zuzendaritza politikoaren eta kudeaketa administratiboaren arteko nahasketaren erruz administrazio jardunari dagozkion eremu eta prozeduretara zabaldu dira politikaren onurako irizpideak, kontrol administratiboak saihestu dituzte eskubide pribatuko Merkataritza sozietate eta Fundazioen bitartez eta, batez ere Foru Ogasunen kasuan, erakundeak txikiegiak dira sistema-fiskal oso bat kudeatu ahal izateko.
CCOOn Erakunde Publikoen defentsarekin arduratzen garenok gogoeta hauek egin ditugu herritarrei zabaltzeko asmoz. Inpartziala, gardena eta legea beteko duen Administrazio Publikoa lortzea gu guztion erantzunaren baitan dago.