Sailkapenaren erdialdean aparteko larritasunik gabe ibiltzea izango da aurten Avironen helburu nagusia
Abuztua oporretarako sasoia izaten da. Askok atseden hartzeko tenorea dute; ez futbolean baina, denboraldia hastear da eta. Asteburu honetan bertan abiatuko da Estatu frantseseko Liga, eta bertan lehian arituko dira Aviron Baionakoa eta Genets Angelukoa.
Jon LEUNDA
Askok eta askok oporrak hasi berri dituzten bitartean, futbol denboraldi ofiziala hastear da. Asteburu honetan bertan hasiko da Estatu frantseseko Liga, eta, bertan ari diren bi euskal talde garrantzitsuenek, Avironek eta Genetsek, lanari ekin beharko diote.
Baionarrek N1 Mailan jarraituko dute, Estatu espainoleko Bigarren A eta Bigarren B tarteko bat izango litzatekeen mailan. Zuri-urdinek iaz lanak izan zituzten mailari eusten, eta aurtengoan, arazorik gabe, erdialdean kokatzea izango dute helburu nagusi. Baionan badakite maila hau oso arriskutsua dela, izan ere, diru sarrera gutxi izaten da, eta gastuak, berriz, handiak, ia Bigarren Mailaren parekoak. Beraz, garbi dute maila horretan ez dagoela urte askoan irauterik, eta tamaina ongi hartu ostean Bigarren Mailarako bidea hartu nahiko lukete, baina aurten, behintzat, hori ez da izango xede nagusia.
Diru kontuetan taldeak ez du aparteko arazorik. Futbolaren egungo egoera ikusita, denboraldia irabaziekin amaitzea ia ezinezkoa dirudi, baina iragan denboraldian lapurtarrek irabaziak izan zituzten, eta aurten ere horrela jarraitzea izango da beste asmoetako bat.
Kopari ere begiratu nahi diote. Lehen Mailako talderen baten aurka jokatzea izango baita erronka nagusietako bat. Azkenengo bi urteetan amets hori gertu izan dute, baina azkenean ez da gauzatu, eta aurtengoan horrela izatea espero dute.
Jokalariei dagokienez, aldaketa ugari izango dira, baina iazko jokalaririk garrantzitsuenek taldean jarraituko dute. Flegeau, Laporte, Bouet, El Hajjam, Enziondo, Diop, Heckly, Seidou, Perali, Elissalt, Arhanzet, Piron, Amieux, Comets, Cazenave eta Sarrabere dira taldea utzi dutenak.
Etorri direnak, berriz, honako hauek dira: Caradec (Le Poiree), F.Boutadjine (Sannois), K.Boutaddjine (Laval), Beuder (Molins), Deu (Saint Alban), Pennachio (Calais), N'Zinga (Concarneau), Salep (Nantyes), Marghadi (Tarbes), Hilari (Noyssi), eta Chaubi (Libourne).
Beraz, aurtengo denboraldirako, taldea honakoa da: Ximun eta Caradec, atezainak. Margahdi, Salep, Estrade, Degoul, Soubervie, Camiade, Roland eta Beuder, atzelariak. Hilarie, Dos santos, Marsaud, Escude Candau, Bidegain, Lalane, Lacroix, K.Boutadjine, Pennachio eta Lestage, erdilariak; eta Giron, N'Zinga, Chaubi, F. Boutadjine eta Laurent, aurrelariak. Entrenatzaile lanean Alain Pochatek jarraituko du.
Liga, aurrez aipatu bezala, ostiralean abiatuko da, eta zuri-urdinek, etxean, Didier Deschamps zelaian, jokatuko dute mailara igo berri den Frejus Saint Raphael taldearen aurka. Partida 20.00etan hasiko da.
Mende bat
Genetsek, berriz, CFA Mailan jarraituko du, Estatu espainoleko mailekin alderatuta, Bigarren B Mailaren parekoa da. Urte garrantzitsua izango da angeluarrentzat, denboraldi honetan mende bat beteko baitute, eta hori handikiro ospatu nahi dute.
Taldearen helburua dauden lekuan jarraitzea izango da, iazko larritasunik sufritu gabe. Horretarako, taldean ez da aldaketa handirik izan. Delavier, Gourio, Gregori, Trentin eta Berhondo dira taldea utzi dutenak. Etorri direnak, berriz, hauek dira: Lupinelli eta Pujol (Reala), Arhanzet, Sautie, Laporte eta Seidou (Aviron) eta Nicot (Albi).
Horrenbestez, hau izango da taldea: Cherreau eta Gruel, atezainak. Van Reusel, Dubroca, Lafitte, Laborde, Laporte, Lupinelli eta Cochet, atzelariak. Sabathier, Arhanzet, Louit, Lefevre, Darbon eta Pujol, erdilariak, eta Sautie, Barsacq, Nicot eta Seidou, aurrelariak. Nicolas Reyterou izango da taldeko entrenatzailea. Hori-berdeentzat, denboraldia larunbatean hasiko da, eta, ez dute denboraldia era samurrean abiatuko; hasteko, Colomiersen zelaian jokatu beharko baitute. Lehen norgehiagoka hori 18.00etatik aitzina jokatuko da.