«Selekzioa bai!» leloaz aurrerantz
Kalejira eta herri bazkariarekin amaituko dute Bilbon ESAITen IX. Mendi Martxa
GARA | BILBO
ESAITen IX. Mendi Martxak aurrera jarraitzen du eta bide erdia egina du dagoeneko. Hala, Elorrion amaitu zuten atzoko eguna eta gaurko ibilaldia, berriz, Diman amaituko dute.
Alabaina, amaiera ekitaldiaren berri ere eman zuen atzo ESAITek. Hala, jaialdi polit batekin amaituko da aurtengo mendi martxa Bizkaiko hiriburura iristen denean.
Hala, 12.30ean Moyua plazatik kalejira aterako da. Ordubete geroago, 13.30ean, Barrikotea izango da Arriaga plazan. Eta bertan emango zaie hedabideei mendi martxaren balorazioaren berri. Besteak beste, Bilboko Udalak ESAITi Esperantza pilotalekua erabiltzeko jarritako baldintza gogorrak aipatuko dira. Herri bazkaria 14.30ean izango da eta erromeria bazkalostean.
Arrasaten ongietorri beroa
Horrelako trabarik gabe, Arrasatek joan den asteartean ongietorria egin zion mendi martxari. Ino Galparsoro alkateak babesa eskaini zien oinezkoei aurrera jarraitu aurretik.
Arrasaten era guztietako elkarteen babesa jaso zuten. Besteak beste, Besaide mendizale elkartea, Mondra futbol taldea, Antxintxika triatloi taldea, Saioa Karate taldea, eskalada taldea, Gazte Independentistak, Bai Euskal Herriari, Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak, AHT Gelditu, Amnistiaren aldeko mugimendua, Gaztetxea, LAB, ELA, ESK, Zutik, Eusko Alkartasuna eta ezker abertzalea izan ziren ekitaldiari atxikimendua adierazi ziotenak, herritar ugariz gain. Herri afaria egin zuten eguna behar bezala bukatzeko.