GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Andra Mari Zuriko Torneoa

Protagonismoa kenduko dio Zeledoni Oinatzen itzulerak

Gasteizko jaietarako bada beste denbora-pasa bat, gaur gauean Ogeta pilotalekuan Xalak eta Goñi III.ak Berasaluze VI.aren eta Beginoren aurka jokatuko duten neurketarekin. Leitzarraren lehen partida serioa da.

p039_f01_148x112.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Bolada batez txapelketetatik kanpo egon den jokalari bat kantxaratuko da gaur gauean Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Andra Mari Zuriko Torneoan. Ezker eskuko lesio bategatik bi hilabetez jokatu gabe egon ostean, badirudi Oinatz Bengoetxea lehiatzeko prest dagoela, eta Beginorekin batera, Xalaren eta Goñi III.aren aurka arituko da 23.00etatik aurrera (ETB-1).

Leitzako aurrelariak ezker eskuko hatz-nagian falangea hautsi zuen partida bat jokatzen ari zela. Joan den igandean egin zuen itzulerako proba, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatutako neurketa batean. Patxi Ruizekin batera, Olaizola I.aren eta Zearraren aurka jokatuz, 22-16 galdu zuen.

Kirol honen jarraitzaileek gustura hartuko dute ziur aski 2008ko Buruz Buruko txapeldunaren itzulera. Fisikoak, eta are gehiago orain, udaran, zeresan handia edukiko du, baina jokalari nafarra erakustaldia egiteko gogotsu aterako da gaurkoan kantxara.

Gainera, bikotekide sendoa edukiko du atzean Oinatzek. Aritz Begino pilotaria sekulako udara egiten ari da Berasaluze VIII.arekin batera. Udako bikote izendatu dute toki askotan bizkaitarrak eta nafarrak osatutako hori, eta ez da gutxiagorako. Sanferminetako Torneoa irabazteaz gain, herri ugaritako jaietako arduradunek bikoteak pilota jaialdietan parte hartzeko eskatzen diote Asegarceri, eta kirolariek ez diete hutsik egin orain arte, garaipenarekin ez bada, ikuskizuna eskaintzen baitute.

Lesio batetik ateratzea zaila eta gogorra baldin bada, itzulera are konplikatuagoa bihurtzen da aurrean Xalak eta Pascualek osatzen duten bikote sendoa baldin badago. Aurrelari lapurtarrak, Irujok bezala, modalitate hau trinketarekin txandatu du azken egunotan. Aspeko pilotaria Baionako Masterra jokatzen aritu da, baina igandeko finalean, Harizmendirekin batera, Irujoren eta Sorhueten aurka 40-36 galdu zuen.

Hala ere, arantza kendu ahal izan zuen herenegun Beran, Pascualekin batera, 22-13 irabazi baitzien Irujori eta Laskuraini. Lapurtarraren bikotea, Pascual, erregulartasun handia erakusten ari da azken hilabeteetan eta lan egiteko aterako da gaur.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo