GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Norabide aldaketa bat; jokabide aldaketarik ez

Bai komunikabide gehienek eta bai adituek harriduraz hartu dute AEBetako Administrazioak Ipar Koreako auzian aste honetan egin duen mugimendua. Izan ere, astea hasi baino lehen baten batek esan izan balu halako batean Bill Clintonen eta Kim Jong-il-en arteko bilera izango zela eta bion argazkia publiko egingo zela zorotzat hartuko genukeen, zalantzarik gabe. Inor gutxik aurreikus zezakeen AEBen eta Ipar Korearen arteko harremanetan jite hau. Gainera, paradoxikoa da Bill Clinton izatea ate hau ireki duena, bera AEBetako lehendakaria izan zenean Ipar Korea bonbardatzeko zorian egon baitzen. Nolanahi ere, AEBen interesen defentsan Clintonek zeregin garrantzitsua bete du beste gatazka batzuetan ere, Kosovon eta Irlandan, adibidez. Aste honetako ekimena bere profil politiko eta diplomatikora egokitzen da, nolabait esateko.

Argi dago Bush Administrazioak nazioartean zein barne mailan ekarritako porrot erabatekoak Obamari beste bide batzuk saiatzeko abagunea utzi diola. Herentzian utzi dizkion arazoak ere ez dira nolanahikoak. Eta horiei buelta emateko dauzkan gaitasunak mugatuak dira. Izan dezakeen borondatea ere zalantzan jar daiteke, jakina. Argi baitago joko diplomatikoek joko arau orokorrak ez mugitzeko desioa islatzen dutela.

Hobeto legoke nazioarteko indarrek gatazka politikoak negoziazioen bitartez ebatzi behar direla printzipio gisa ezarriko balute, horretarako mekanismo demokratiko eta justuak bultzatuz; hobe litzateke, indar nuklearraren eta karrera armamentistari dagokionez, nazioarteko agentzien eta adituen gomendioak beteko dituztela baieztatuko balute, gizateriarentzat arriskutsuak diren jokabideak behin betiko alboratuz. Hobe litzateke, azken finean, hegemonismoa eta menpekotasuna ardatz dituen politikak alboratuko balituzte. Ipar Koreakoa norabide aldaketa bat da, baina ezin da, oraingoz, jokabide aldaketa gisa hartu. Aldi berean, AEBek bide desberdinetatik helburu berberak lortu nahi dituela ondoriozta badaiteke ere, Ipar Koreako herritarrentzat bide desberdin horietako batetik bestera alde nabarmena dagoela ere onartu behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo