GARA > Idatzia > > Kultura

Ikultur jaialdiak dantzan jarriko ditu Txingudiko badiako ur bazterrak

Irungo Ficoba erakustazokan Ikultur jaialdia izango da asteburuan. Dantzarako musika talde apartek hartuko dute parte; bihar, sustraidun erritmoak nagusi, Alpha Blondy eta Macacorekin, eta etzi, berriz, dantza gordina, Cycle eta We Are Standard getxotarrekin.

p042_f01_148x136.jpg

A. BILBAO | BILBO

Bihar hasita Irungo Ficoban izango den Ikultur jaialdiak izerdi patsetan jarriko ditu bertara hurbiltzen diren musika zaleak, doinu eta erritmo ezberdineko talde interesgarrien jardunarekin.

Jaia Eskorzok irekiko du bihar eta Bad Sound Systemek itxi, ordu batzuk geroago. Orain hamahiru urte sortutako Granadar zazpikotea dugu Eskorzo, egun laugarren lana prestatzen diharduena, datorren udaberrian emateko. Bad Sound System, berriz, etxeko taldea da, Irun eta inguruetakoa, hip hop doinuak jorratzen dituen Mc eta DJ kolektiboa.

Tartean, afrikar reggae doinuak izango dira, Boli Kostako Alpha Blondy ezagunak emanak. Orain bi hamarkada musikagintzari ekin zion morroiak iazko Mundumira jaialdian parte hartu zuen, Bergaran, eta 2007an plazaratu zuen «Jah Victory» du azken lana.

Gauerdian berriz, Macacok hartuko du oholtza. Katalunian sortu taldeak makina bat jatorritako musikariak biltzen ditu (Brasil, Kamerun, Venezuela), Dani Carbonellen gidaritzapean. Azken urteotan mundu osoan zehar ibili dira jorratzen duten erritmo nahasketa jotzen, eta orain gutxi plazaratu duten «Puerto presente» lana laudorio eta emaitza bikainak ematen ari omen da.

Ostiralekoen aldean bizkorra izango da larunbateko musika erritmoen abiadura.

Hasteko, Backbone bilbotar hirukoak berotuko du ilunabarra, elektronika doinuak lagun. Eta bukatzeko, igande egunsentia heldu baino lehen, Danger disko jartzailea. Estralurtar baten antzera agertzen da frantziarra plateretara eta kantuak orduekin lotu ohi ditu.

Bata eta bestearen artean, eta Vive la Fetek istripua izan eta jaialdian parte hartuko ez duenez, We Are Standard eta Cyclek igoko dute gauaren tenperatura.

Getxoko boskotea dugu We Are Standard, debut lanarekin nazioarteko arreta lortu eta «On the Floor» hit bikaina eman ondoren jaialdi erraldoi garrantzitsuetan joz bigarren lana aurkezten buru-belarri murgilduta dabilena.

Cycle, berriz, Madriletik datorren talde elektronika eta dantzazalea da, David Kano ekoizleak eta Lachina kantariak gidatutakoa. Getxokoek egindako gauza bera «Confusion» kantuarekin lortu zuten, eta egun «Sleepwalker» kaleratu berri dute.

Hondartzara

Musikaz gain, eta eguraldi iragarpenak asteburuak euria dakarrela iragarri arren, Txingudiko badiak kultur eta aisiarako gune paregabea eskaintzen du.

Bidasoa ibaia itsasoratzen den bailarako Hendaia, Irun eta Hondarribia herrietan bisitariak badu, nahi izanez gero, sabela bete eta inguruko hondartza ederretan gustura atseden hartzeko parada.

Getxotik mundura so, puri-purian diren erritmo dantzagarriekin

Fermin Muguruza, Gojira, Berri Txarrak eta Deloreanekin batera, euskal talderik nazioartekoenetarikoa dugu We Are Standard getxotar boskotea.

«3.000w-40.000u» lanarekin egin zuten debuta Mushroom Pillow zigiluan orain hiru urte, eta lan homonimoa aurkezten dabiltza egun, Londonen eta Gang Of Four taldeko Andy Gillen gidaritzapean grabatua.

Aurten jaialdi erraldoi ugaritan jo eta arrakasta lortu dute, FIB eta EHZ festibaletan kasu. Gainera, MTV telebistak eta Vuelingek Custok dekoratu duen hegazkin bat WASen musikaz bete dute, eta zozketa bat antolatu, hegazkinari argazki bat ateratzea lortzen duten zaleentzat. A. B.

AZKEN ORDUKOAK

Vive la Fete belgikar bikoteak ez du tamalez Irunen jotzerik izango, web orrian iragarri dutenez, iragan astean auto istripu bat izan ostean Danny Mommens taldekidea ospitalean baita.

ZORTZI TALDE

Belgikarren zuzenekoa bertan behera gelditu denez, zortzi talde izango dira jaialdian: Eskorzo, Alpha Blondy, Macaco eta Bad Sound System ostiralean, eta Backbone, We Are Standard, Cycle eta Danger larunbatean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo